Harri-jasotzea Marka saiakera
Inaxio Perurenak 230 kiloko harria esku bakar batekin bizkarreratu nahi du
J.L. | DONOSTIA
Inaxio Perurenak, etzi, Urrezko Aizkorako ekinaldiaren barruan, marka saiakera egingo du: esku bakar batekin 230 kiloko zilindroa berdindu nahi du bizkarrean, bost minutuko txanda bakar batean.
Leitzar gazteak pasa den abenduaren azken egunean, bi eskurekin marka pertsonal berria egin zuen, eta orain esku bakarraz gauza bera egin nahi du. Lan handia izango du, baina marka ezarriko duela, itxaropen osoa dauka.
Oraingoz, 225ekoa dauka jasota, eta bere aitaren atzetik bigarrena da esku bakar batekin egindako marketan. Bere aitak, Iñakik, 267 kilokoa dauka jasota, eta oraingoz, ez dirudi hori gainditzea oso erraza izango denik, baina bere semea ari zaio gerturatzen. Edonola ere, etziko helburua lortuta ere, oraindik 37 kilo faltako zaizkio.
Bestetik, Izeta II.ak ere marka saiakera egingo du, baina ez asteburu honetan, hurrengoan baizik. Izan ere, hasiera batean, bihar egin behar bazuen ere, astebete atzeratu diote. Aiarrak, Madrilen egingo du 100 kiloko zilindroarekin saiakera, hiru minutu izango ditu lanerako, eta laguntzailerik gabe aritu beharko du, berak bakarrik. Italiako telebista batentzat egindako saiakera izango da, nahiz eta, eginez gero, saiakera marka izango den.
«Bakarrik aritu behar dut, eta horrek beti kezka apur bat ematen du, baina txukun-txukun aritzea espero dut, eta 35 bat jasoaldi emateko itxaropena, behintzat, badaukat», esan zuen atzo, Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.