Sarrikota Peko zaborren konpostategia 2009an eraikitzen hasi nahi du Bil ta Garbik
Eneritz ZABALETA |
Zaborren kudeaketaz arduratzen den Bil ta Garbi erakundeen arteko sindikatuak Sarrikota Peko zabor konpostategiarekin aitzina jarraituko du, atzo jakitera eman zuenez. Konpostategiak, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Bearnoko Nabarrengoseko eta Salbaterrako kantonamenduetako zaborrak tratatuko ditu, eta prozedurako inkesta eta betebeharrekin aitzina jarraituko du Bil ta Garbik. «Inkesta teknikoak bukatzen ari dira, eta ingurugiroari dagozkionak, 2008 bukaeran bukatuak behar lukete» erran zuen atzo Dominique Carrere sindikatuko zuzendariak. Gauzak on bidean, 2009 hasierako inkesta publikoa abiatuko litzateke, eta horrela, urte horretan gunearen eraikitzea hasi ahal izango litzateke.
Bil ta Garbiren erabaki honek, azken urteetan Sarrikota Peko zenbait biztanle biltzen dituen «Terre verte» elkartearekin duen gatazka itxi du. Izan ere, elkartea zaborren konpostategiaren eraikuntzaren aurka borrokan aritu da. Alain Iriart, Bil ta Garbiko lehendakariak tirabira hauen berri eman zuen, eta elkartearen «fede ona» dudan eman zuen.
Konpostaje biologikoa
Konpostategi inguruko tirabirak, Sarrikota Pean eginen den konpostatze gunean erabili beharreko teknikari buruzkoak izan dira. Terre verte elkartekoak, konpostaje mekaniko biologikoaren aurka agertu ziren, teknika horrek zaborren % 50 konpost bihurtu arren, beste %50 lur azpian gordetzen duelako. Horren ordez, kareztatze bidezko konpostajea proposatu zuten, modu horretan zaborrak lurperatzea ekidin daitekeelakoan. Azken hilabeteetan gatazka mindu, eta bi auzi egon dira. Lehena, Bil ta Garbik irabazi zuen, bigarrenean bi aldeen arteko kontziliazio prozedurak konpondu zuen.
Bil ta Garbik gatazkaren aitzinean emandako urratsak zehaztu zituen. Hasieran, konpostaje mekaniko biologikoaren alde egin zuen sindikatuak, Terre verte elkartearen jarrera iritsi arte. Dominique Carriere sindikatuko zuzendariak argitu zuenez «bi tekniken arteko inkesta konparatiboa» abiatu zuen orduan.
Inkesta hau Merlin gabineteak egina da, eta Terre verte elkarteak eskatuta, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak egindako bigarren inkesta bat ere aztertu du, auziaren inguruan. Iriartek errandakoaren arabera, inkestak frogatzen du «konpostaje mekaniko biologikoa aukera onena dela».
Inkesten aurrean, elkartearen «gezurrak» salatu zituen Iriartek: «kareztatzeak, Terre verte-k errandakoaren kontra, zaborren lurperatzea eskatzen du, konpostaje biologikoaren proportzio berean (%50). Ez dago kareztatze metodoaren prozedura industrialik, eta martxan ezartzea zaila da. Hiru aldiz zabor gehiago behar du konpost kopuru bera lortzeko. Gainera, lortutako konposta, ez da eskualdeko nekazal lurretara egokitzen, eta lurra aberastu ordez, gatz mineralak jaten ditu, konpostak degradazio prozesua jarraitzen baitu».
Ondorioz, Bil ta Garbik konpostaje biologikoarekin aitzina eginen du, eta 2009rako gunea eraikitzen hasiko da.