GARA > Idatzia > Kultura

Enrique Pujanak arkitekturaren «entrenamendua» erakusten du

«Inguru-minguru» Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak antolatutako erakusketa sailaren izenburua da. Hala, arkitekturaren inguruan jorratutako zenbait ikuspegi aurkeztu nahi dute, eta lehen erakusketarako Enrique Pujana arkitektoaren lana jarri dute ikusgai Donostian.

p057_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak «Inguru-minguru» izeneko erakusketa saila jarri du abian. Datozen hilabeteotan helduko diren erakusketa horien artean lehena Enrique Pujana arkitektoarena da, eta atzo egin zuten aurkezpena elkargoak Donostian duen egoitzan.

Sailaren izenburuak berak ematen du erakusketa hauen guztien nondik-norakoa zein ote den susmatzeko lehen pista, izan ere, arkitektura bere osotasunean, artearen ikuspuntuarekin uztartu nahi baitute.

Pujanaren erakusketak hainbat urtetan egindako arkitektura lanen «argitaratu gabeko atzeko» lana du hizpide. Nolabaiteko «entrenamendua» erakusten duten lanak dira. Hau da, behin betiko emaitza -eraikina- lortzea errazten duen «gimnasia» hori erakusten du. «Entrenamendu hori guztia erakusten dut hemen, arkitekturak atzean dituen arau horiek guztiak errazten dituena, hain zuzen ere», gaineratu zuen.

Laburbilduz, eraikina bera diseinatzeko egin behar den «lan paraleloa» erakusten du Pujanak: «Ondoren arkitekturan zehazten den giro hori guztia». «Lan paralelo» horrekin paisaia moduko bat osatu nahi izan duela ere agertu zuen, «elementu desberdinen arteko tentsioa sortu nahi izan dut eta horregatik diot paisaiarena, hainbat elementu daude arkitekturan, ondoren euren artean era zehatz batean erlazionatzen direnak».

Apirilaren 4a bitartean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Donostiako egoitzan ikusgai den erakusketan bisitatu daitezkeen «entrenamendu» lan horien funtsean, azken urteetan Pujanak egindako arkitektura lan garrantzitsu asko ageri da, hala nola: 2003an Madrileko Pinto herrian egin zuen haurtzaindegia, Cabanillas de la Sierran (Madril) 2004an egin zuen udaletxearen berrikuntza lana edota Madrileko La Cabeza kalean diseinatutako etxebizitza.

Eskultura eta diseinu grafikoa diziplinak uztartu ditu lan egiteko, baita, nola ez, plano ugari ere. Eskulturen artean «Ispilua» izenekoa dago ikusgai. Itxuraz antzekoak diren bi aulki eta horien artean jarritako marko batek osatzen dute eskultura eta horren bidez, Pujanak galdera hauxe planteatzen du: «Zeinek desitxuratzen du zein?».

Fitxa

Egilea: Enrique Pujana.

Data: Apirilaren 4a bitartean.

Tokia: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Donostiako egoitzan (Frantzia Pasealekua, 11).

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 9.00etatik 14.00etara. Larunbat goizetan bisitak antolatuko dituzte, taldeak osatzen badira. Izena emateko, 943 32 01 94 telefonora deituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo