Epaileak «askatasuna gehiago mugatzeko» deitu du Bidart
Beziers hirian baldintzapeko askatasunean bizi da Filipe Bidart preso ohia duela urtebete. Orain Pariseko epaileak deitu du baldintza gehiago ezartzeko: publikoki adierazpenak egitea, zenbait tokitan egotea eta zenbait pertsonekin mintzatzea debekatzeko. Hori guztia, iazko abenduan Ageneko espetxe aitzinean presoei elkartasuna adierazteko manifestazioan parte hartu izanagatik.
Arantxa MANTEROLA |
Baldintzapeko askatasunean jarri zutela ia urtebete joan da, baina Parisko Epaileak otsailaren 21erako deitu du Filipe Bidart baigorriarra.
Sostengu batzordeko hainbat kidek, Askatasuneko ordezkariek eta beren abokatuak lagunduta, gogor salatu zuten atzo Baionan, Baigorrikoari egin nahi dioten «oinarrizko eskubideen murrizketa berria». Izan ere, Zigorren aplikazioaren jarraipena egiten duen Bernard Lugan epaileak hiru baldintza berri eransteko asmoa du, adierazpen, manifestazio eta biltzeko askatasunekin zuzenean zerikusia dutenak.
Dirudienez, Bidartek iazko abenduaren 22an Ageneko espetxe aitzinean presoei elkartasuna adierazteko egin zen manifestazioan parte hartzeagatik egin du fiskalak aipatu eskaera.
Terexa Mitxelena Errepresioaren Aurkako Taldearen (CAR) izenean esan zuen, «hainbat epailek, politikarik eta Justizia Ministroak berak» ezin izan dutela inoiz jasan Bidart, legeak ahalbidetzen duen bezala, aske uztea. Lugan epailea horren kontra agertu zela, eta fiskalak behin eta berriz tartekatutako helegiteak gogoratu zituen, «azkenean Parisko Dei Auzitegiak 2007ko otsailaren 1ean Bidart askatzea onartu zuen arte».
Mitxelenaren iritziz, «eraso berri honen aitzinean Filipe sostengatu behar da, aldi berean, beste askoren askatasunen murriztearen kontra egitea delako. Azken asteotan, «horren hamaika adibide eta gertaera ditugu», gaineratu zuen.
Noiz bakean utziko?
Filipe Aska! sostengu taldeko Battitta Amestoi, berriz, zeharotxundituta zen: «Hainbeste gorabeheraren ostean, uste genuen azkenean, Filipe bakean utziko zutela, baina badirudi begitan hartu dutela eta ez diotela barkatuko. Orain oinarrizko eskubideak kendu nahi dizkiote, lehendik dagoeneko oso mugatuak zituenak. Elkarretaratzeko, mintzatzeko eta bere ikusmoldea adierazteko libertatea kendu nahi diote. Finean, Euskal Herriaren aldeko adierazpenak egitea da leporatzen dioten gaitza», adierazi zuen.
Askatasuneko ordezkari Anaiz Funosasentzat, «egun jokoan dagoena elkartasuna da». «Filipek urte hauetan guztietan elkartasuna jaso izan du eta orain ere jasotzen du, eta berak gauza bera egin du presoen egoera salatzearekin. Alta, hori jasanezina egiten zaie batzuei. Etxekoengandik jasotzen duten sostengua isilarazi eta delitu bilakatu nahi dute, baina, egiaz, delitua litzatekeena euskal presoek jasaten duten egoeraren aurrean Euskal Herritik jasotzen duten babesik gabe uztea».
Filipe Aramendi baigorriarraren abokatuak ere ez zuen uste «berriro Pariserat» joan beharko zuenik Bidart defenditzera. Bera askatzeko eskaera aztertzeko hainbestetan «bideokonferentziaren tresna erabili denean, orain ez omen da eragingarria, eta Parisen bere aitzinean ikusi nahi du epaileak», esan zuen Aramendik, epaitegiaren jokamoldea salatuz.
Abokatuak nabarmendu zuen Giza Eskubideen Europako Gortearen jurisprudentzia argia dela, eta aipatu oinarrizko eskubideak «oso kasu berezietan soilik» deusez daitezkeela. «Segurtasun publikoa, ordena publikoa eta beste gizabanakoen eskubideak babesteko eta bermatzeko hartu ahal dira antzeko neurriak, baina Ageneko manifestazioan ez zen, inola ere, horrelakorik gertatu, dena legez, era lasaian eta arazorik gabe igaro baitzen», gehitu zuen.
Aitzakiak
Ildo horretatik joko du Aramendik otsailaren 21ean epaileari bere argudioak azaltzerakoan eta aplikatu nahi dizkioten arauak, bere kasuan, «ezarri ezinak» direla adieraziko dio.
Abokatua, ordea, ez zen oso itxaropentsu agertu: «Hau guztia beste aitzakia bat da, ez da besterik. Egiaz bilatzen dutena bere eskubideak gehiago mugatzea da, bere ideia politikoak adieraztea debekatzea». Funosasek gaineratu zuen, Estatuak nahi duena «zigor berri bat, bizi osorako kondena ezartzea» dela: «Baldintzapeko askatasuna eskatzen duten gainerako euskal presoen kasuan ere, bide beretik joko dute». Horren lekuko litzateke berriki Daniel Derguiri baldintzapeko askatasunaren onarpenaren aurka fiskalak tartekatu duen helegitea.
Iaz Filipe Bidarti ezarritako baldintzak zazpi urteko epean errebisatu behar ziren. Alta, orain hiru baldintza berri erantsi nahi dizkio epaileak. Otsailaren 21ean bere aurrean aurkeztu beharko du.
Preso zegoelarik, Filipe Bidartek DPS (bereziki zelatatutako presoa) erregimena zeukan. Orain «LPS, liberé conditionnel particulièrement surveillé» bilakatu dela salatu zuen Aramendi bere abokatuak.
Pariseko epaileak hiru baldintza berri ezarri nahi dizkio Bidarti. Lehena, «euskal separatismoan engaiatutako pertsonekin edota terrorismo aferekin zerikusia duten presoak sostengatzen dituztenekin» harremanetan jartzeko debekua; bigarrena, «edozein espetxe edo presondegiaren aitzinean agertzeko» debekua eta, hirugarrena, «kondenatua izan zen ekintzekin edo ideiekin lotutako argitalpen edo ikus-entzunezkoak hedatzeko» debekua.
Baldintzapeko askatasuna onartu ziotenean, hainbat neurri eta betebehar jarri zizkioten, hala nola, Euskal Herritik kanpo bizitzearena; bizilekutik (Beziers) irtetekotan, epaileari baimena eskatzea aldez aurretik eta bere diru-sarreretatik ehuneko bat Biktimen Fondoari ematea kalte-ordain gisa. Neurri hauek zazpi urterako ezarri zizkioten, baina, orain, berrikusi egin nahi dituzte eta hiru berri erantsi.
Aramendi abokatuaren esanetan, baldintzapeko askatasunak bi helburu ditu: deliturik berriro egin dezala ekiditea eta gizarteratzea. «Neurri honekin, eskubideak mugatu nahi dizkiote», gaineratu du.