Fredi Paia 2008/02/29
Akritizismoa
BERRIA
(...) Harrigarria da diru publikoaren lumarekin idatzita aurkitzea, espainolez argitaratutako egunkari abertzaleagoak erosteko zenbait euskaldunen arrazoi berberak. Ez dela gurea.
Alde batetik, egun bizi dugun paranoia errepresiboa nortzuek eta zelan hasi zuten gogoratu dit. ETArekiko akritizismoa ondorio penal tipifikatuak dituen akusazioa da. Bestetik, badu bere logika, azken hogeita hamar urteetan alderdi berak gobernatu duen Europako leku bakarrean. Kontrolatzen ez duena deuseztatzea da boterea galtzeko beldurrez bizi denaren obsesioa. Eta Ertzaintzaren astakerien aurrean isiltzen direnen negozioa askoz hobeto doa ilegalizazioak hasi zirenetik. Ez dezagun ahaztu Jaurlaritzaren euskalgintzarekiko politika. Proiektu denak bikoiztu eta ahuldu, diru-laguntzekin sufriarazi, isilarazten ahalegindu eta, horrela ere ezin izan dutenean, kriminalizatu. Gainera, lan zikina aurrekontukideek egiten diete, geroago ezadostasun itxura eta salaketa elektoralistak egiteko aukera eta guzti.
BERRIAn ideologia bakarra ikusten duena irakurtzen ez duelako da. Beste kontu bat izan liteke gatazkari buruz iritzia emateko maizen bustitzen garenak ezker abertzalekoak izatea. Baina hori soziologikoa da. Nork idatzi du ezer inoiz zuen ideien alde zuzeneko soldata barik? (...)