GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Aizpurua (*) Ezker abertzaleko militantea

Ezker abertzaleak estatu espainolaren desafioa irabazi du

Herri gisa ukatzen gaituen Estatuari ezin zaio ezetzik esan botoa EAJri, EAri, Aralarri, NaBai-ri, EBri eta abarri emanez, horien loturek eta jarrerek gaur arte erakutsi digutena gogoan badugu

Rodríguez Zapaterok, 2004an Espainiako presidente izendatzeko parlamentuan egin zen inbestidura saioan, «garrantzi handiko» legealdia iragarri zuen Euskal Herriaren etorkizunerako; baina... Espainiako Konstituzioa, Euskal Herriak 1978an ukatu zuena, jarri zuen estatutuen aldaketarako muga bezala. Sabai edo muga horretan zegoen gakoa eta tranpa, Hego Euskal Herriak Espainiako lurralde oinperatua izaten jarrai dezan, eta hor dago orain ere.

1978an uko egin genion Konstituzio espainolari, eta herri gisa ukatzen gintuelako izan zen hori. Berean jarraitzen du hogeita hamar urte eta gero, Estatu osoko subjektu bakarra Espainia dela.

Espainiako Estatuan ez dela trantsizio demokratikorik burutu, garbi adierazten digu horrek. Haustura demokratikorik gabeko eta Franco gabeko neofrankismoan murgildurik bizi gara.

Adolfo Suárezekin hasi eta Rodríguez Zapatero arte, Felipe González eta Aznarren gobernuak barne, Hego Euskal Herriarekiko joera bera izan dute: inongo errespetorik ez, zigorra, heriotza, kartzela, deserriratzea, tortura; alderdi politiko eta erakundeen ilegalizazioa eta jazarpena ez denean. Konstituzio espainolak hitzez hitz diona, Gobernu espainolak, ekintza bidez, abertzale, ezkertiar eta euskaldunen kontra bihurtzen du, gure eskubideen defentsan altxatzen garen bakoitzean.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herria irabazten doala esango nuke. 1977ko «Independentzia!» oihua gaur hedatuago dago lurralde osoan, eta gero eta gardenago ikusten da bera dela dugun aukera bakarra herri gisa funtzionatzeko: biziz eta etorkizunari ekinez; behar dugun sozialismoa, geurea, eraikiz. Herriarentzako burujabetasuna estatu propioan datza. Horrela bakarrik izan gintezke libre, benetako justizia sozialean oinarriturik, beste herriei elkartasuna emanez.

Hau guztia jakinda, datozen hauteskundeetarako hautabide bakarra dago abertzaleak bagara, ezkertiarrak bagara eta noski, aurrerakoi eta demokratak bagara: abstentzioa Estatu espainolari, giltzapean gaituen Estatu zapaltzaileari.

Beste letra-zopa andana horrek -irakurri dudanez, izen berriekin alderdi eta talde faxistak badira ere- hogeita hamar urte hauetan bezala, Gobernu espainolaren airera egiten dute dantza, sabela eta poltsikoa gizentzen dituzten bitartean. Hauteskunde giroan, haizeak eramaten dituen hitzak jaurti eta, ekintzarik gabeko esku hutsak ezkutatzen saiatzen dira.

EAJ, EA, Aralar eta NaBai isildu gabe dabiltza egun hauetan, hiru herrialdeetako estatutuarentzat eta Nafarroako hobekuntzarentzat konpetentziak eskatuz, hauek «betetze» aldera.

Behin eta berriz lehengo harrian erortzen zarete, hautesleei Madrilgo hautua egitea eskatzen diozuenean.

Iruzurra egiten ari zaretela ohartzen al zarete? Beste lau urte Madrilen esanetara, beren morrontzan, gu guztiokin nahi dutena egiteko? Ez al duzue jakin abertzalegoaren oihu ozena «Independentzia» dela, eta ez sakabanatzen gaituzten bi estatutu?

Madrilgo Gobernuan dagoenari, PSOE nahiz PP izan, aurre egin behar diogu herri garen heinean, eta planteamendu alderdikoiak gerorako utzi.

Euskal Herriaren subjektu euskal herritarrak behar du izan, gure asabek utzi ziguten orubepean. Hitza eta lurra ezinbesteko dira abertzale eta euskaldun izateko.

Hauteskunde hauetan, gure herri izaeran ukatzen gaituen Estatu espainolari ezin zaio ezetzik esan botoa EAJri, EAri, Aralarri, NaBai-ri, EBri eta abarri emanez, horien loturek eta jarrerek, urtetik urtera, gaur arte bederen, erakutsi digutena gogoan badugu.

Martxoaren 9an, herri gisa zapaltzen gaituen Estatuari ezezko borobila emateko abstentzioa da bide bakarra.

(*) Jokin Gorostidiren konplizitateaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo