«Ezagutza ororen ezaugarri nagusia umiltasuna dela irakatsi zidan aitak»
CELEREN ALABA, MARGOLARIA
Celeren ibilbide artistikoa erreferentetzat duen margolaria da egun Sara Otaño. «Nire margolaritzaz hitz egiteko, nire maisuaz, aitaz, hitz egin behar dut. Mundu honetan sartu ninduen bere pintzelen bidez», esan ohi du. Pozik dago Bergarako erakusketa dela-eta.
Zer suposatzen du zuretzat aitari halako omenaldiak egiteak? Zein sentsazio duzu?
Aitaren antz handia dudala uste dut, zorionez. Omenaldi guztiak dira bikainak, eta polita da nolabait zuk dagoeneko ezagutzen duzun zerbait aitortzea aitari. Orain, honek zertarako balio ote duen galdetuko bazenit esango nizuke niretzako egun zoriontsu bat suposa lezakeela... Dena den, hori bai, niri gehien interesatzen zaidana da badela pertsona talde bat –kasu honetan Miguel Angel Elkoroberezibar edota Jesus Zulet bera–, aita pertsonalki ezagutu gabe ere, hura zer izan zen jakiteko gai izan dena. Aita Zuletekin erabat maiteminduta zegoen, adibidez, eta hark aita ezkutuko mundu batetik atera izanari zirraragarria deritzot. Gehien interesatzen zaidana, beraz, hauxe da: pertsona batzuek aita gogoan hartu eta herriak hura pertsonaia bezala ezagutu dezala.
Zuk esana da aita bera «artea» zela, egiten zuena grinaz egiten zuela beti...
Bai. Ez dut ezagutu bera bezalako besterik. Ezin apalagoa zen, eta erabat interesgarria zeukan kultura guztiagatik, edo, kultura baino gehiago, ezagutzagatik, edozein gairi zegokionean. Pintore edo karikaturagile bezala soilik ez, bizitzaren ezagutza ikaragarria zuen. Eta ezagutza hark egin zuen apal. Orokorrean talentua duten pertsonak apalak izan ohi dira, ospea dutenak, berriz, prepotenteak. Nik uste artea talentua, ezagutza eta behaketa dela. Aitak hiru gauzak zituen.
Bera izan duzu maisu. Zein da jaso duzun irakaspenik handiena?
Uste dut berak erakutsi zidala ezagutza ororen ezaugarri nagusia umiltasuna dela, eta nik uste hori dela garrantzizkoena artearekin zerikusia duen edozein lanbidetan. Zuk bezala egiten ez duten pertsonenganako begirunea ere irakatsi zidan, eta gauzak norbere hazkunde pertsonalarentzat egin behar direla, hazkunde monetarioarentzat beharrean. «Ez ezazu pintatu besteentzat, pintatu zeuretzat eta hala ikasiko duzu –esan ohi zidan beti–. Eta ikusten ikasten baduzu, eta zeuretzat marraztu, hori da zugan landa dezakedan hazirik handiena, eta ernetuko dena». Horretan nabil, bada, ni.I.A.