GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren alde EAJk zabaldutako mezua gezurtatu du LABek

Beasaingo EAJk AHTren aldeko mezua zabaldu nahi izan du etxez etxe banatutako eskuorrietan. CAF enpresan LABek duen ordezkaritzak gehiegizkotzat jo du, eta aipatutako hainbat punturi erantzun nahi izan die. Baieztapen batzuk gezurtatu, eta bertze batzuk baliogabe uzten ditu sindikatu abertzaleak, eta AHTk kaltea bertzerik ekarriko ez duela ziurtatzen du.

p029_f02_148x108.jpg

GARA |

Beasaingo EAJk etxez etxe banatu dituen eskuorrien bidez AHT-ren inguruan zabaldutako mezua larritzat jo, eta CAF enpre- san LAB sindikatuak duen atalak hainbat kontu argitu nahi izan ditu. Azaldu duenez, «hauteskunde garaian edozerk balio duela badakigun arren, `Habiadura (sic) handiz Europaruntz' dokumentuan agertzen diren hainbat `perla' ezin ditugu oharkabean pasatzen utzi».

Horrela izanik, prentsa-ohar baten bidez banan bana gezurtatu edo baliogabe utzi ditu EAJk zabaldutako eskuorrietan azaltzen diren hainbat puntu. Horien artean, AHTren kostuak «Europaren eta Estatuaren gain» daudela nabarmentzen omen da. LABek gogorarazi duenez, erakunde horien dirua «langileen poltsikoetatik dator», eta eskuorrian agertzen ez denari buruz, hau da, egitasmoaren irabaziak norentzat izanen ote diren, «enpresarien poltsikoetara», erantzun du sindikatuak.

Gezurrak eta funtsik gabekoak

Euskal hirien eta Europaren arteko tartea laburtuko omen du AHTk; alabaina, LABen iritzian, gizartearen gehiengoarentzat beti bezain urrun segituko dute, trenaren txartela garestia izango dela-eta. Horren adibide, Bartzelona eta Camp de Tarragona tartea AHTn egitea 30,50 euro kostatzen dela jakinarazi du.

Lur desjabetzei dagokienez, jelkideek «modu lagunkoiean» eginen direla agintzen dute. LABek ezbaian jarri du baieztapen hori: «Baserritarren ezetza onartuko al dute? Edota Auzitegi Nazionalera deitu eta euren poliziaren bisita jasoko dute?».

Herriari ekarriko lizkiokeen onuren barnean, Donostiarako tartea laburtuko litzatekeela, eta N-I errepideko trafikoa murriztuko litzatekeela ere bai aipatzen da eskuorrietan. Horren aitzinean, LABek egun dauden egiturak moldatzearekin nahikoa izanen litzatekeela dio.

Trafikoa murriztearena gezurra dela ere ziurtatu du; merkantzien garraioan gutxieneko bat bertzerik ez omen du onartuko AHTk, eta bidaiariei dagokienez, urtean %1,3 bakarrik hartuko ei du. Kutsadurari dagokio- nez, orain artekoari AHTren energia-gastua gaineratuko litzaiokeela ohartarazi du. Bestalde, CAFek eta Goierriko enpresek lan eskaera handiagoa izanen dute AHTrekin, EAJren ustez. Ikerketarik ez dagoela, eta beraz, oinarri gabeko baieztapenak direla argitu du CAF enpresako LABeko atalak. Horren ordez, Bilbo-Gasteiz, Altsasu-Cas- tejon eta Gasteiz-Baiona tarteetan ibilbideak hobetzea ekonomiarentzat askoz ere onuragarriagoa litzatekeela irizten dio.

Bertze puntuetako batek Hondarribiko Herri Batasunak 1989an AHT eskatu zuela gogorarazten du EAJk. Inoiz kontuan hartzen ez duen sektore baten eskaera bakarra aipatzen duela iritziz, geroztik ezker abertzaleak AHTren kontra edo herri-galdeketa eskatuz egindako deiaren aitzinean zer egin duen galdetzen die sindikatuak jeltzaleei. «AHTk kaltea bertzerik ez du ekarriko», amaitu du.

Proiektuaren kontra ibilaldia egin dute Durangotik Abadiñora

AHTren aurka dauden hainbat herritarrek egitasmo horrek Durango eta Abadiño artean eginen lukeen ibilbidea ibili zuten atzo euren gaitzespena erakusteko. Goizeko 10.00etan abiatu zen Durangoko Santa Ana plazatik, eta eguerdi aldera iritsi ziren Abadiñora. Han trikitilariekin kalejira egin zen, gaztetxeraino.

Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak, webgunean, agerian jartzen ditu eskualde horretan egitasmoak eragingo lituzkeenak. AHTren ibilbidea irudikatzen da egungo paisaien gainean, eta egitasmoaren tamainaz jabetzeko lagungarri da: zubi-ibilbide ikaragarriak eta tunelentzat Durangaldeko mendi esanguratsuen zulaketak ikusten dira. Hondakindegiak, baserrien eraisketak eta kutsadura ere salatzen ditu Elkarlanak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo