BAIONA
Avironek berriro ere bere aurpegirik txarrena erakutsi du
Avironek berriro ere etxetik kanpo maila eman ezinik jarraitzen du. Zuri-urdinek Jean Dauguerretik kanpo jokatzen dutenean asko jaisten dute beren maila, eta atzo era gauza bera gertatu zen.
Egia da partida zaila zela, Clermont hirugarren postuan baitago, baina zuri-urdinek ez zuten arriskurik sortu, eta Larretxeak lortutako drop batekin konformatu behar izan zuten.
Hala ere, atzoko partida ongi hasi zen euskaldunentzat, nagusi izan baitziren lehen minutuetan, eta Daniel Larretxeak aitzineratu zituen lapurtarrak drop bat gauzatu ostean. Horrek itxaropenak sortu zituen euskaldunen artean, baina berehala hasi ziren zapuzten, Clermontek neurketaren agintea hartu, eta ezer gutxi egiten utzi baitzion.
Hala ere, etxeko taldeak ezin izan zuen markagailua mugitu lehen zatiko azkeneko hamar minutuak arte. Orduan, bi entsegu eta bi transformazio egin zituen, eta 14-3 emaitzarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian, berriro ere lehen minutuetan zuri-urdinak ahalegindu ziren, baina aurrekoan bezala, azkar hartu zion tamaina etxeko taldeak, eta beti kontrolpean ukan zuen neurketa, eta bigarren zatia norgehiagoka erabakitzeko erabili zuen.
Galdu arren, Avironek bikain jarraitzen du, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen baitu.