GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako Bertsolari Txapelketako Berako saioan Barberena nagusi

Hilaren 15ean Elizondon izango den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak osatu du jada lehiatuko den zortzikoa: Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Xabier Terreros, Julio Soto, Iñigo Olaetxea eta Miel Mari Elosegi «Luze» arituko dira.

p073_f01_.jpg

GARA | BERA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa jokatu zen atzokoan Berako kultur etxean. Bertan 200 bat lagun bildu zen, eta lehia horretan Jon Barberena nagusitu zen, nahiko erraz gainera.

Horiek horrela, Barberena zuzenean sailkatu da Elizondoko Lur dantzalekuan martxoaren 15ean ospatuko den finalerako. Bere atzetik, puntu erdiko aldearekin, Miel Mari Elosegi Luze eta Jon Elizetxe geratu ziren, nahiz eta lehenak bakarrik lortu zuen finalerako txartela. Atzokoan Beran lehiatutako gainontzeko bertsolariak Juan Mari Lopez, Ander Fuentes eta Eneko Lazkoz izan ziren.

Txapelerako hautagai sendoa

Iazko txapelketan bigarren postua egin bazuen ere, Jon Barberenak, aurtengoan txapela janzteko hautagai sendoa dela erakutsi zuen Beran jokatutako finalaurrekoan. Nagusitasun handiz irabazi zuen finalaurrekoa, hasieratik segurtasun handia erakutsiz eta tarteka bertso politak kantatuz. Gainerako bertsokideak urrun samar utzi zituen Elizondoko bertsolariak.

Barberenaren atzetik, ordea, kontua estuago joan zen. Izan ere, bigarren eta hirugarren postuan lehia estua izan zuten, aipatu moduan, Miel Mari Elosegi Luzek eta Jon Elizetxek. Azkenean, leitzarra nagusitu zen, baina puntu erdiko tarte txikiaz. Dena den, garrantzi handiko puntu erdia da, Luzek finalerako txartela lortu baitzuen, eta Elizetxek, ordea, ez.

Oro har, Berako saioa jokatu ziren finalaurrekoen artean makalena izan zen, eta hori nabaritu zen puntuazioetan ere bai. Beste bi finalaurrekoetatik hiruna bertsolari sailkatu ziren; Berakotik, berriz, bi.

Hainbat urtez parte hartu izan gabe, Juan Mari Lopez txapelketara itzuli da aurten, baina Beran ez zuen lortu finalean egotea, laugarren egin baitzuen. Bosgarren postua lehen txapelketa zuen Ander Fuentes bertsolari zubietarrarentzat izan zen, eta haren atzetik Eneko Lazkoz sailkatu zen.

Atzoko saioa eta gero, finkatu da azkenean martxoaren 15ean Elizondon, 17.00etatik aurrera, txapela irabazteko lehiatuko den zortzikoa: Erika Lagoma -Iruñeko Txantrea auzoko saioan zuzenean sailkatzea lortu zuena-, Xabier Legarreta -Lekunberrin zuzenean sailkatzea lortu zuena-, Jon Barberena -atzoko irabazlea-, Julen Zelaieta -Txantrean 331 puntu egin zituena-, Xabier Terreros -320,5 puntu lortu zuena Txantrean-, Julio Soto -318,5 puntu eskuratu zituena Lekunberriko finalaurrekoan-, Iñigo Olaetxea -318,5 puntu Lekunberrin- eta Miel Mari Elosegi Luze -310 puntu egindakoa Berako saioan-.

Datorren hitzordua beraz, final handia izango da, aipatu moduan Elizondoko Lur dantzalekuan izango dena. Finalerako sarrerek 12 euro balio dute bazkideentzat, 5 euro 16 urtetik beherakoentzat, eta 15 euro gainontzeko guztientzat.

BERAKO PUNTUAZIOA

Berako saioko irabazleak, Jon Barberenak, 339 puntu egin zituen; Miel Mari Elosegi «Luze»k, berriz, 310; eta Jon Elizetxek 309,5. Hirugarren izan zen Juan Mari Lopezek 301,5 puntu lortu zituen, Ander Fuentesek 296,5 eta Eneko Lazkozek 288.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo