GARA > Idatzia > Kultura

Jose Manuel Lasarte eta Jesus Atxa izan ditu gogoan Euskaltzaindiak

GARA | BILBO

Euskaltzaindiak atzo Bilbon duen egoitzan egindako ageriko bilkuran Jose Manuel Lasarte euskaltzain urgazlearen eta Jesus Atxa ohorezko euskaltzainaren hilberri txostenak irakurri zituzten Patxi Zabaleta eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek, hurrenez hurren.

Jose Manuel Lasarte Iruñean apeztu zen, 1951.urtean eta ondoren, Luzaidetik, Beruetetik eta Leitzatik ere pasa zen. Uharte Arakilen bertako elizaren zaharberritze lanetan partehartze handia izan zuen eta urte batzuk geroago, Etxarri Larrauneko parrokiaren konponketa lanetan ere buru belarri aritu zen. 1991n, Uharte Arakil utzi eta Iruñera joan zen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, 1964an.

Lasarteren bizitzaren aipatu pasarteak, gehi beste batzuk, Patxi Zabaletak gogoratu zituen. Horiek guztiak ikusita, honela esan zuen: «Ikusten den bezala, Jose Manuel Lasarte, ekimen izugarrizkoa zen, eginkizun anitzen bultzatzaile, egile edo kudeatzaile. Aztertzea edo ikertzea baino atseginago zuen egitea. Oldoztera baino gehiago jotzen zuen egitera. Izaeraz ausarta izaki eta zerbait ikasi orduko erakusten hasi nahi izaten dutenetakoa zen Jose Manuel».

Ikastolen bultzatzaile

Bestalde, Jesus Atxa 1960an erabat murgildu zen euskal kultura eta ikastolen munduan. Bizkaiko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zen, eta Gipuzkoan eta Nafarroan ere egin zuen lan eremu honetan. 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izendatu zuten eta bertan jardun zuen jubilatu zen arte. Jose Luis Lizundiak esan bezala, «Nafarroako norbaiti dagokio Atxak herrialde horretan euskalgintza alorrean, bereziki ikastola munduan, egindakoa historiatzea».

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran ere hartu zuen parte Jesus Atxak. Euskaltzaindiak 1967n euskaltzain urgazle izendatu zuen eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1998an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo