GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Aviron Baionakoak eta Biarritzek puntu premian jarraitzen dute oraindik

Zuri-urdinek etxean, Jean Dauguer zelaian jokatuko dute Bourgoinen aurka, 17.30ean hasita. Ordu bat geroago jokatuko du Biarritzek Montaubanen

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek eta Biarritzek puntuak pilatzen jarraitu beharra daukate beren helburuak bete ahal izateko. Gaur, zuri-urdinek etxean jokatuko dute, eta zuri-gorriek, aldiz, kanpoan izango dute norgehiagoka.

Zuri-urdinek Bourgoin hartuko dute, 17.30ean hasita. Puntuei eutsi beharra daukate, mailari eutsi nahi badiote bederen. Lehen itzuli oso ona egin dute Lapurdiko hiriburukoek, baina bigarren itzulian askoz ere arazo gehiago izan dituzte. Gaur beraiek baino hiru puntu gehiago dituen talde bat izango dute aurkari; horri irabaziz gero, Bourgoin gainditu egingo dute, eta mailari eusteko bidean urrats handia izango da hori .

Avironen egoera oraingoz ez da oso larria, jaitsiera hamaika puntura dute, baina ezin ahaztu garaipenak lau puntu balio dituela, eta erasoan puntu gehigarria ere egin daitekeela. Horrekin bost puntu batzen dira. Beraz, aldea ematen duena baino txikiagoa da; tentuz ibili beharko dute beraz, amaieran ezusteren bat eduki gura ezean.

Horregatik, eta azkenaldiko porrotak alde batetara utzi ahal izateko, garrantzizkoa izango da gaur bertan lau puntu eskuratzea, eta ahal dela, bost ere bai. Horrekin Bourgoin gaindituko lukete, eta baita Brive ere, gaur ez badu irabazten, eta jaitsierako postuak oso atzean utziko lituzkete.

Bourgoinen egoera ere oso antzekoa da. Haiek ere asmo berarekin helduko dira Lapurdiko hiriburura. Garaipena erdietsiko balute, Aviron oso atzean utziko lukete, eta hori maila ez galtzeko aurrerapauso handia izango litzateke.

Biarritzek ere garaipena behar du, baina beste kontu batzuengatik. Zuri-gorriek Ligako azkeneko fasea jokatu nahi dute, eta une honetan eta oraingoz, postu horietatik kanpo dago. Montaubanen zelaian jokatuko du gaur 18.30etik aurrera.

Talde frantziarra sailkapenaren erdialdean dago, eta leku aproposa izan daiteke garaipena erdietsi ahal izateko. Irabazita ere Perpinyaren emaitzaren zain egon beharko du, izan ere kataluniarrek garaipena lortzen badute, gauzek bere horretan jarraitu beharko lukete. Galtzen badu, berriz, dagoen lekuan jarraituko luke, baina aurrekoek irabaziz gero, aldeak gehitu egingo lirateke. Montaubanek, berriz, ez dauka ezer jokoan, ez beherako, ez eta finalerdietarako ere, ez baitauka aukerarik, eta etxekoen lasaitasun horretaz baliatu beharko luke talde lapurtarrak.

Liga federalean, Lehen Mailan, Maulek bakarrik jarraitzen du. Donibane Lohizunek ez du Pro 2rako igoera fasean aurrera jarraitu, eta Nafarroak maila galdu du. Maulek mailari eustea lortu du, baita Frantziako Txapelketa jokatzeko txartela lortu ere. Final-laurdenetako partida izango dute; partida bakarrera erabakiko da, eta inorena ez den zelaian jokatuko da. Zuri-gorriek bihar izango dute partida Morlaasen, Lurdaren aurka, 15.30etik aurrera.

Emakumezkoak

Emakumezkoen mailan, bihar amaituko da Frantziako Lehen Mailako lehen fasea. ASB Baionakoak aspalditik lortuta dauka azkeneko fasea jokatzeko txartela. Ligako azkeneko jardunaldia bihar jokatuko du Jean Dauguer zelaian, 15.00etatik aurrera Saint Oras taldearen aurka.

Espainiako Kopan, berriz, finalerdietarako itzulerako norgehiagoka jokatuko da Gasteizen, gaur 16.00etatik aurrera. Bertan Gaztedik eta Getxok neurtuko dituzte indarrak. Joaneko norgehiagoka orain dela bi aste jokatu zen Bizkaian, eta Getxok erraz, 29-0, bereganatu zuen norgehiagoka.

Joaneko partidan ikusi zenaren arabera, bizkaitarrak dira finala jokatzeko faboritoak, beraz, Gaztedik kanporaketa gainditu nahi baldin badu, gogotik egin beharko du lan; hala ere, garaipen hori lortzea ez du inondik inora lan erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo