GARA > Idatzia > Mundua

Dalai Lamaren ordezkariekin biltzeko asmoa duela iragarri du Txinak

Datozen egunotan Dalai Lamak bidalitako ordezkariekin biltzeko borondatea azaldu zuen Txinak. Elkarrizketari berrekiteko Olinpiar Jokoen aurkako sabotajeak amaitzeko exijitu zuen. Nazioarteko agintariek, EB barne, Hu Jintao Gobernuaren iragarpen hori txalotu zuten.

GARA |

Dalai Lamaren ordezkari batekin biltzeko asmoa duela iragarri zuen Txinak. «Elkarrizketei berrekiteko Dalai Lamak behin eta berriz egin dizkigun eskaerak aintzat hartu, eta datozen egunotan hark bidalitako mezulariarekin harremanetan jarriko da Gobernua», plazaratu zuen Txinako albiste agentziak.

«Kontsulta horien bitartez, Tibet Txinatik banatzea helburu duten ekintzak geldiarazteko benetako pausoak emango dituela espero dugu», gaineratu zuen igorritako agirian. Elkarrizketari ekiteko zenbait baldintza ipini zituen Gobernuak. Batetik, «azpijokoak, eta Olinpiar Jokoen aurkako sabotajeak» bertan behera uztea, eta bestetik, «biolentzia erabiltzearen aldeko deiak» etetea.

Tibeten independentzia nahi izatea, eta martxoaren 14an Lhasan gertatu ziren istilu larriak bultzatu izana leporatu dio Txinak Dalai Lamari. Protesta horien ondorioz, Dalai Lamak Hu Jintao presidenteari eskutitza igorri zion, Tibetera ordezkariak bidal dezan borondatea azalduz.

Haren bozeramaile Tenzin Taklhak begi onez hartu zuen elkarrizketarako proposamena. «Norabide onean doa, izan ere, Tibeteko afera konpontzeko bide bakarra elkarrizketa da», aditzera eman zuenez.

Nazioartean ere Txinaren iragarpena txalotu zuten. Nicolas Sarkozy presidentearen hitzetan, «lehen urrats bat da, itxaropena berpizten duena». Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldira ez zela joango mehatxatu zuen berak.

Europako Batzordeko presidente José Manuel Durao Barrosok albistearekin «oso zoriontsu» dagoela helarazi zuen.

Era berean, Tibet Txinaren zati bat dela nabarmendu zuen, «Europar Batasunak Txinaren osotasuna eta subirotasuna errespetatzen du», gaineratuz.

elkarlana sustatu

Europako Batasunak eta Txinak «hausnarketa ekonomikoa mailarik gorenean» hasiko dute. Era berean, nazioartean gertatzen diren arazoak konpontzeko -esate baterako, aldaketa klimatikoa-, elkarlana bultzatzea adostu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo