GARA > Idatzia > Kultura

«Abertzaleak eta euskara»: nazio euskaldunaren «gainbehera» aztertu du Joxe Manuel Odriozolak

«Abertzaleak eta euskara» lana plazaratu du Joxe Manuel Odriozolak. Bere ideiekin bat etorri ala ez, irakurleari beti zer pentsatua ematen dioten egile horietakoa da. Saiakera berri hau ez da horretan salbuespena.

p055_f02_097x128.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera» da Odriozolak, Joseba Jaka bekari esker, plazaratu duen liburu berriaren izenburu osoa. Izan ere, egilea ez da batere baikorra «nazio euskaldunaren» etorkizunari buruz, atzo eginiko aurkezpenean argi utzi zuenez.

Bere oinarrizko tesia, labur-labur, honakoa da: abertzaleek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, ez dute euskara eta nazio-identitatea beren politikaren ardatz bihurtu, erabakimena, sozialismoa, lurraldetasuna eta antzeko kontzeptuak lehenetsi dituztelako; euskaltzale direla esaten duten arren, «abertzale gehienentzat euskara ez da nazio euskaldunaren definizio-elementu nagusia», eta eguneroko jardunean «herri euskaldunaren etnozidioa eragin duten espainera eta frantsesa euskal nazio eraikuntzarako baliagarriak direla uste dute eta, ondorioz, hizkuntza eta nazio-identitate horiek baliatu eta legitimatzen dituzte»; horrela ez dago euskal nazioa eraikitzerik.

Odriozolaren ustez, abertzaletasun eredu horren porrota, «nazio euskaldunaren gainbehera», jadanik nabarmena izaten ari da. Horren lekuko lirateke azken hauteskundeetako emaitzak. Joseba Azkarraga Etxegibel irakaslearen gogoeta bat bere eginez, hauxe dio: «Soberanismoaren emaitza elektorala ahuldu izana izebergaren tontortxoa baino ez da, euskal dinamika kultural-identitarioa ahuldu izanaren adierazlea. Kanal identitario eta kulturalaren eremu intimoagoan gertatzen ari denaren adierazle, beraz».

Liburuan, diskurtso abertzaleak diskurtso euskaltzaleekin lehia dialektikoan jarri ditu Odriozolak. Diskurtso abertzalean oinarrizko bi interpretazio nagusi antzeman ditu: sentimendu ideologiko eta politikoetan oinarritzen den euskal nazioaren definizioa, batetik, eta argumentu etnolinguistikoen eta kulturalen argitan definitzen den nazio euskalduna, bestetik. Abertzaletasun sentimentalaren arabera, nazio euskaldunaren identitate-ezaugarri nagusia ez da euskara eta euskarazko kultura, aberriari buruzko sentipenak baizik. Abertzaletasun etnokulturalaren ustez, berriz, euskarazko jarduna da nazio euskaldunaren oinarria bermatzen duena.

Odriozolak onartzen du ezker abertzaleak euskarari eman diola nazionalismo tradizionalean inoiz izan ez duen tokia. Hala ere, nazio politiko eta nazio kulturalaren arteko orekari dagokionez, nazio eraikuntzaren proiektu abertzale guztiak «asimetrikoak» direla uste du. «Hau da, abertzaletasunaren aldaera guztiek nazio politikoa lehenesten dute, eta nazio euskaldunaren zoria geroko gerotan uzten dute». Eredu asimetriko horren emaitza dagoeneko ikus daitekeela uste du: «Burujabetasun politikoak, nazio euskaldunaren garapena ekarri beharrean, nazio identitate arrotzen legitimazioa dakar balizko Euskal Herri independente baterako». Horiek horrela, «abertzaletasun euskaltzaleak bakarrik berma dezake nazio eraikuntza simetrikoa; alegia, euskaraz jardundako politikagintzak eta herrigintzak bakarrik berma dezakete euskal identitatearen dimentsio politikoa eta kulturala modu orekatuan garatzea».

Ez da oharkabean pasatuko

Odriozolak garbi ikusten du euskarak, iraungo badu, nolabaiteko «boterea» behar duela. Euskararen «despolitizazioa» aldarrikatzen dutenei, berriz, «jarrera interesatu edo inozokeria» leporatzen die. Izan ere, abertzale gehienentzat euskara komunikazio tresna hutsa dela, eta nazio-kultura euskaldunaren ezinbesteko osagarritzat jotzen ez dutela kritikatzen du.

Xabier Mendiguren argitaratzaileak atzo esan zuenez, «liburuan ohi bezain zorrotz aritu da egilea bere ikuspegiaren defentsan, euskal kultura eta politikako hainbat lekukoren hitzak jorratuz eta kritikatuz, batekoak eta bestekoak gupidarik gabe astinduz eta xaxatuz. Ez da inolaz ere betiko `txapa'; beste inork esan ez dituen gauzak esaten ditu Odriozolak», gehitu zuen.

Fitxa

Izenburua: «Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera».

Egilea: Joxe Manuel Odriozola.

Argitaletxea: Elkar.

Bilduma: Eztabaida.

Salneurria: 20,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo