GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mixel Berhocoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbararen Biltzar Orokorra

Laborantzak mundua hazi behar du

Laborantzaren helburua munduaren haztea da, ondoko belaunaldientzat lurraren emankortasuna zaintzen duten ekoizpen-sistema iraunkorrekin

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen Biltzar Orokorrak, 2008ko apirilaren 18an bildurik, bere arrangura adierazi nahi du gaur egun gertatzen diren gose jazarraldiei josia den gosetearen larriagotzeari buruz munduan, eta egoera larri hau sortzen dituzten laborantza-politikak salatu nahi ditu aldi berean.

Laborantzaren helburua munduaren haztea da, nahikoa kantitate eta kalitaterekin, ondoko belaunaldientzat lurraren emankortasuna zaintzen duten ekoizpen-sistema iraunkorrekin.

Helburu hau janari-burujabetasuna errespetatuz baizik ez da gauzatzen ahal, hau da:

-Munduko eskualde bakoitzak bere laborantza, munduko merkatu libretik zaintzeko duen eskubidea.

-Laborantza ekoizpena antolatzeko eginbidea, tokiko biztanleria elikatzeko lehentasunarekin.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, laborantza herrikoi eta iraunkorra defenditzen duen elkarteak, bere ekintzak ikuspegi orokor horri lotzen dizkio. Halaber, energia, ura, proteina etab. xahutzen ez duen laborantzaren garapenarentzat lan egiten du, ekoizpen sistemen egokitzan lan eginez, eskualdeko gaitasunaren, klima aldaketaren eta garapen iraunkorraren arabera.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, munduko laborantza herrikoia suntsitzen dituzten tokiko, Europako eta nazioarteko laborantza-orientabideak salatu nahi ditu, hauen artean:

-Etanolaren alde milioika hektarea zereal desbideratzen dituzten agro-erregaien garapena, Departamenduko Laborantza Ganbarak eta arto ekoizleen lobbyak sustatu duten Lacq-eko lantegia bezala. Horrek merkatuetako tirabira azkarrak handitzen ditu, ondorio larriak eraginez zerealen prezioan.

-Esportaziorako ekoizpenak garatzea hirugarren munduko herrietan, tokiko jendearen beharrentzat ekoizten duen laborantza baztertuz. Herri aberatsetako laborantzaren industrializazioak soja, manioka, kakahuetearen (araxida) inportazio azkarra eragiten du... lurrak kenduz gosea jasaten duten herriei.

-Laborantza Politika Bateratuaren (PAC) eta Munduko Merkataritza Antolakundearen (OMC) orientabide gero eta liberalagoa, laborantza-prezioak, erran nahi baitu janariaren prezioak, munduko espekulazioaren menpe ezartzen dituena. Europako herritarrek galdegin behar dute Laborantza Politika Bateratuaren ondoko erreforma oinarrizko ideietara itzul dadin: laborantza ekoizpenak antolatu eta planifikatu, prezioak segurtatu.

Biltzar Orokorrak berriz baieztatzen du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak :

-Laborantza herrikoi autonomoaren eta ekonomoaren bidean segitu behar duela, hau baita bertako alternatiba bakarra eta planetaren hazteko gai den munduko laborantzaren eskakizunekin hautu koherente bakarra.

-Bere misio pedagogikoa garatu nahi duela, informazio, trukaketa eta gogoeta denborak proposatuz, herritar guziak axolatzen dituzten laborantza gaien inguruan. Misio hori gauzatuko da hilero iraganen diren mintzaldiei esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo