Barne krisiaren erdian, eta Barañaingo alkatetza gabe, NaBai-ren egoera deserosoa da
Politikan, hauteskunde emaitzarik onenak ere badu bere buelta, batez ere, botoak lortzeko herritarrei egindako eskaintza norberaren indarretan baino gehiago, beste batzuen borondatean oinarritzen baldin bada. Hori da azken asteotan Nafarroako egoera politikoak erakutsi duena.
Nafarroa Bai koalizioa aldaketaren ikurtzat aurkeztu zen Nafarroako hauteskundeetara. Baina hasieratik argi utzi zuen beren helburua orduko boterea ordezkatzea zela, eta ez alternatiba politikoa osatzea. Ipar Euskal Herrian ez bezala, Nafarroan EAJk ezker abertzalea baztertzea lortu zuen eta, ilegalizazioen ondoren, koalizioaren proiektua PSNren borondatearen mendeko bihurtu zen erabat.
Hasieran, emaitzak kontuan hartuz, halako aldaketa posible zela uste izan zuen askok. Azkenean, ordea, Madriletik iritsitako aginduek aukera hori baztertu zuten. Ilusio haren azken isla Barañaingo alkatetza zen eta atzo PSOEk NaBai-ri kendu eta UPNri eman zion, itxuragabeki eman ere. Horri guztiari CAN auzia eta Atarrabiako mozioa direla-eta koalizioaren barruan joera ezberdinak azaleratu izana gehitu behar zaio. Egoera deserosoa, nolanahi ere.