GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Despedida al poeta del compromiso

«Ez du sekula ahaztu irakurlearekiko komunikazioa»

 
Gerardo Markuleta
Poeta. Benedettiren irakurle eta itzultzailea

Markuleta (1963) Hispaniar eta Euskal Filologian lizentziaduna da. Itzulpengintzan aritu ohi den arren, baditu hainbat ipuin eta poema liburu ere, horien artean, «Ipuin Euskaldunak» (Erein) edo «Ezjakintasunak» (Alberdania). Euskarara itzuli dituen idazleen artean dago Mario Benedetti, eta Erein-ek 1995ean argitaratu zuen «Historias hiperbreves» lana, berak euskaratuta. Poeta eta literaturagile gisa, gaztetatik izan da Benedettiren jarraitzaile, eta bere iritzia eman nahi izan digu.

Zein ote da Mario Benedettiren lanak horrenbesteko eragina eduki izanaren arrazoia, bai Uruguaiko mugetatik harantzago, baita Amerika kontinentetik at ere?

Literaturaren soziologia eta merkatu-kontuak albo batera utzita, esango nuke hurbiltasuna dela Benedettiren erakarpen-indarraren guneetako bat. Hurbila gizona, bai literaturagile gisa, ohiko idazle tonto-harroaren beste muturrean aritu izan delako, apal eta lagunkoi; eta bai bere obraren bitartez ere: literatur esperimentazioan jardun izan duenean ere, ez du sekula ahaztu irakurlearekiko komunikazioa lehen mailan jartzea. Aurreneko irakurleekin lortutako konplizitatearen hedatze zabala baino ez da izan haren nazioarteko eragin hori.

Poesia eta narrazio laburrak, baina artikulu, saiakera eta eleberriak ere idatzi zituen idazle uruguaitarrak.Zure aldetik, zein genero nabarmenduko zenuke haren   obratik?
Irakurle zein itzultzaile gisa, nik kontakizun laburrak eta poemak ditut maiteen; baina idazle baten ganbera, ezta hozkailua ere, ez da genero laburrokin betetzen. Esango nuke poesiak guztiz blaitzen dituela Benedettiren lan guztiak, baita kazetaritzakoak ere. Eta ez dut arazorik aitortzeko Pablo Milanes eta Nacha Guevararen kantuen bidetik ezagutu nituela haren lehendabiziko poemak, eta beharbada beste jende askok bezala, horiexek ditudala maiteen gaur egun ere. “Hagamos un trato”.

Zure ustetan, Mario Benedetti zer da, maitasunaren ala konpromisoaren poeta?

Irakurle bat baino gehiago, eta Benedetti bera beharbada, haserretu egingo litzaiguke bata edo bestea aukeratuko bagenu ri-rau. Alde batetik, batak ez duelako bestea kentzen; eta, bestetik, Kubako troban bezala, Ameriketan maitasuna sarri identifikatu izan delako solidaritate eta iraultzarekin; gauza berberaz arituko ginateke, beraz, iraultza maitasunean eta maitasuna politikan aldarrikatzen baitzuen Benedettik. Okertzeko arrisku handirik gabe esan dezakegu, hori bai, ez zituela maite konpromisoz maite dutenak, eta oso maite zituela maitasunez konprometitzen direnak.

Haren taktika zen zintzoa izatea eta oroimenean gelditzea. Lortu duela uste al duzu?

Zer eska dakioke, bada, artista bati zintzotzat jotzeko? Bere obran horretarako asmoa izatea eta horretarako ahalegina egitea nahikoa badira, lortu zuelakoan nago, baina epaile kaxkarra nauzue. Oroimeneko portuetan nabigatzen ibili zen Benedetti, ahanzturaren pirata-ontziak hondoratzeko asmotan, eta gure memoriako frontoi eta zelaietan jauzika dabil, oihartzun eginez, bere semeari begira dagoen preso batekin batera: «Uno no siempre hace lo que quiere / pero tiene el derecho de no hacer lo que no quiere. / Llora nomás, Botija, son macanas que los hombres no lloran…».
Itziar AMESTOY

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo