GARA > Idatzia > Euskal Herria

33/01 auziagatik aske zeuden zortzi prozesatuak atxilotu dituzte

Julen Larrinagaren atxiloketarekin, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren kontrako auziagatik behin-behinean aske zeuden zortzi prozesatuak espetxeratuak izan dira asteburuan zehar. Zortzina urteko kartzela zigorra jaso zuten guztiek ostiralean, Auzitegi Goren espainolak 33/01 auziaren gainean emandako epaian.

GARA

Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren kontrako auzian zigortutako zortzi lagun atxilotuak izan dira asteburuan zehar. Guztiak behin-behinean aske zeuden 2008ko irailetik, Auzitegi Nazionalak 33/01 auziaren epaia eman ondoren.

Julen Larrinaga bilbotarra izan da azken atxilotua, ostiral arratsaldean epaitegi bereziak polizia indarrei zortzi lagun hauek atzemateko agindu ostean. Ainhoa Irastortza, Jagoba Terrones, Iker Zubia, Gorka Zulaika, Jon Imanol Beaskoa, Josu Beaumont eta Aratz Estonba izan dira azken egunotan atxilotutako gainerakoak.

Lehenengo atxiloketak ostiral gauean hasi ziren. Ertzaintzak Irastortza Ordizian hartu baitzuen gatibu, eta Terrones, Getxoko Algorta auzoan. Iker Zubia ere Gasteizen atzeman zuen Polizia espainolak. Bestalde, lekukoek GARAri adierazi diotenez, Zulaika Pasai Antxoko plazan atxilotu zuen Ertzaintzak, eta ez Ordizian, berri agentziek zabaldu zuten bezala. Beaskoa, Beaumont eta Estonba ere gauean zehar atzeman zituzten.

Horren aurretik, Auzitegi Gorenak Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren kontrako epaia berretsi zuen, eta zortzina urteko kartzela zigorra ezarri zien behin-behinean aske zeuden auzipetu hauei. Aldi berean, amnistiaren aldeko mugimenduko beste bederatzi kidek ere zigor berdina jaso zuten eta Juan Mari Olano eta Julen Zelarainek hamar urteko kartzela zigorra.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna «euskal terrorismoaren mosaikoan pieza bat gehiago» dela ebatzi zuen Gorenak, eta ETAren aginduetara jarduten zirela, erakunde armatuak ezarritako «asmo orokorraren baitan».

Indarkeriarik gabeko delitua

33/01 auziaren epaian, Auzitegi Gorenak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunak ez dutela indarkeriarik erabili onartu arren, kartzela zigorra ezartzeko argudioak topatu ditu: «Ez dira aritzen delitu terroristak egiten, baina terrorismoak hedatutako ekimen zabal eta koordinatuan parte hartzen dute».

Akusazio hori oinarritzeko, bi erakundeak presoen kolektiboa «kohesionatzen», errepresioaren erantzuleak salatzen edota Estatu espainoleko indar armatuek Euskal Herritik alde egiteko eskatzen jardun direla aipatzen dute. Bestalde, Gorenak ez zien jaramonik egin auzipetuen defentsak emandako argudioei.

MOBILIZAZIOAK

Donostian eta Berangon mobilizazioak egin dituzte azken egunotan epaia salatuz eta Betiko ikastolako langileak ere elkartasuna helarazi diote Jagoba Terrones lankideari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo