GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zerodibertsitatea

Zero izan da aste honetan gehien azaldu den zenbakia. Horra, kasurako, New Yorkeko zero zonakoa, hango Udalak zona horretan orain urte batzuetako hautsak kaltetuei ordainak ematea deliberatu berri du eta. Hau kolpea! atentatu hark hauts asko harrotu zituen mundu osoan zabal baina kalte-ordainak ofiziala den zero zonakoei beste inori ez diete emango. Hona ere beste zero bat, Lakuako Altxortegiarena, Exekutibo horretako Ekonomia sailburuak adierazi berriko zero ofiziala. Zerotegi Publikoa, ZP edo. Hauxe omen lehendakariak sortu berriko aholkulari-batzorde hotsandikoaren lehendabiziko emaitza: zeroan gara. Zerotegi efektua. Bai, ulertzekoa da sailburuen tristezia, ez baita erraza zeroan den altxortegitik beheko Estatuaren menpeko ordezkaritza-gastuak egoki ordaintzea. Altxortegia ez dutenek altxorra leku askotan aurkitu dezakete, baina Altxortegia duenak tegi horretan dena baino ez du altxortzat hartzen. Hau sozialismo tristea gero! Ez dakidana da ea Lakuako kutxa gotorra benetan hutsik dagoen ala zabaltzeko konbinazioa ahaztua duten, burua inkestaz lepo edukita. Edozein kasutan, Lakuako kutxa horrek hegazkin baten kutxa beltzaren balioa izan lezake, egindako ibilbidean izan ez diren diru-sarrera guztiak eta izan diren zementuzko larregizko gehiegikeriaren diru-irteera guztiak egoki erregistratu izan balitu behinik behin. Total, nora heldu eta administrazio publikoak bankuei mailegua eskatu behar izatera heldu! Hau sozialismo aldrebesa, omsilaizos, beraz. Hurrengo hauteskundeetan hobe bankuak berak aurkeztea zerrendak, eta udal hauteskundeak badira aurrezki-kutxak ere! Dena dela, ez dadila sailburua kexatu, bera zeroan izan arren bero izan da, beste asko aste honetan bertan zeropean, eta hotz, izan diren bitartean.

Tira, zerora! Zeroa orain bikaina da. Horixe zaborra aterik ate hartzen dutenen leloa. Zeroa ulertzeko modu guztiz kontrajarriak; batzuentzat gutxiegia, bikaina besteontzat. Zerodibertsitatea. Eta zaborraz nagoela beheko eta goiko estatuen justizia pasatu zait burutik. Behekoan «no entiendo ni papa» entzun genuen oraindik orain. Goikoan «je ne comprends rien» esan nahi izan da orain, edo «Egunkaria» kasuko itzultzaile ofizialak esango bide lukeen modura: «je ne comprends pomme de terre». Total, hegoaldean entzunda: zero patatero. Ez dut esan nahi Gasteiz denik gure hiriburua. Gaur gaurkoz hemengo hiriburua beheko Estatuarena bera da. Gaur gaurkoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo