Patxi Erdozain, Sebastian Rosino eta J. P. Salvatierra Sasoia elkarteko kideak
Pentsioak arriskuan? Gezur borobila
Aspertu arte errepikatu digute pentsio publikoen etorkizuna arriskuan dagoela, eta jendeak sinetsi du. Ez da egia, ezta gutxiago ere. Sistema publikoak beste hogei urtez osasuntsu iraun dezake, eratuta dagoen moduan, eta data horretatik aurrera ez dago egun arazoak baiezta ditzakeen ikerketa bakar bat ere. Jubilatu eta pentsiodunak gero eta gehiago direnez, pentsio sistema honi eusterik ez dagoela esaten digute behin eta berriz, baina hori funtsik gabeko baieztapena da, inongo ikerketa seriotan oinarritzen ez dena.
Deigarria da politikoak hogei urte barru etorriko omen diren arazoen aurrean neurriak hartzen ikustea, aski ongi dakigunean politiko horien aurreikuspena ez dela sekula hurrengo hauteskundeetatik haratago urruntzen... batzuetan ezta hauteskundeetara iristen ere. Pentsioen bermea ez datza lanean dauden langileen kopuruan, langile hauek sor dezaketen aberastasunean baizik. Adibidez, asko jaitsi da egun nekazarien kopurua baina hauek nahikoa elikagai ekoizten dute populazio osoarentzat, produktibitatea handiagoa delako.
Gainera, zergatik ez ditugu pentsioak Estatuko aurrekontuetatik ordainduko, hezkuntza eta osasunarekin egiten dugun bezala? Estatuko aurrekontu orokorretan 3.328,59 milioi euro jaso dituzte militarren jardun pasiborako. Nahiko genuke guretzat sistema hori, eta militarrek kobratzen dituzten diru kantitate berberak!
Arrazoi bakarra dago etengabe pentsioen etorkizunaz hizketan aritzeko: gobernuak pentsioak pribatizatu nahi dituela banku eta aseguru-etxeek negozio handiagoa egin dezaten, soilik haien mesederako. Beldurrari eraginez, gobernuak pentsio plan pribatuak zabaltzera bideratu nahi ditu langileak, diru horrekin espekulatzaileek negozio erraldoiak egin ditzaten.
Espainiar Estatuko gobernua, eta berarekin batera Diputatuen Kongresuko talde guztiak (guztiek sinatu baitzuten Toledoko Ituna), pentsio sistema publikoa deuseztatzen ari dira, pentsio duinak bermatu beharrean. Guztientzako pentsioa, pentsiodunek, jubilatuek eta alargunek jaso beharko luketena, 1.032 eurokoa (pobreziaren muga) izan beharko litzateke gutxienez. Aldiz, jasotako diru-ordainak oso urriak dira eta are gehiago murriztu nahi dituzte. Hori guztia, espekulatzaileek gure sostenguarekin joka dezaten. Gure agintariak krisi ekonomiko hau eragin duten espekulatzaileen menpeko hutsak dira. Hain justu ere, pentsioen pribatizazioa izan zen Pinochetek eta Videlak hartu zuten lehenengo neurria, Txilen eta Argentinan estatu kolpea eman orduko.
Zergatik ez digute kontatzen AEBetako pentsio pribatuak lurrundu, %50 baporatu direla krisiaren poderioz? Era berean, hurbilekoak ditugu Forum Filatelikoren hondamenaren ondorioz bere pentsio fondoa galdu duten herritarrak. Hori da Zapaterok eta bere lagunek eskaintzen digutena. Ekimen pribatuak bultzatzea baino ez dute buruan, eta bitartean guztiona den diru publikoa xahutzen dute, pentsio-plan pribatua egiteko ahalmen ekonomikoa duenari zergak arintzeko. Eta zer eginen dute hileroko soldatatik pentsio pribatura dirurik bideratu ezin dutenekin? Antzarak ferratzera bidali!!!
Krisi egoeran baldin bagaude, ezaba ditzagun beharrezkoak ez diren gastuak. Pentsioen murrizketak, besteak beste, pobrezia eta miserian dauden pertsonengan du eragina, eta horiek ez lukete krisia gainditzeko ekarpenik egin beharko. Murriztu ditzagun gastuak armada eta monarkia ezabatuz, Elizari ematen zaizkion diru laguntzak kenduz; jaitsi ditzagun politikoen soldatak gutxieneko lan soldataraino (gutxieneko soldatarekin bizi izan balira aspaldi igoko zuketen!), eta pareka dezagun politikoen erretiroa besteonarekin. Ezaba ditzagun inongo premiarik ez duten proiektu handiak: AHTa, Los Arcoseko zirkuitua, Sadarreko kiroldegia... Aberats direnek ordain ditzatela zerga gehiago. Kendu ditzatela CCOO eta UGT sindikatuek jasotzen dituzten diru laguntzak. Baina pentsioak ezta ukitu ere. Ezta erretiroa 67 urtetara atzeratuta, ezta Toledoko Itunean adostuta ere.