Batzar Orokor Arrunta egin du Urretxun Euskal Herriko Txistulari Elkarteak
GARA | URRETXU
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak urteroko Batzar Orokor Arrunta egin zuen atzo Urretxun, Euskal Herri osotik iritsitako txistulariak bilduta. Goizean goizetik, hainbat ekitaldi burutu zituzten. Batzarra bukatzean, iaz Atarrabian egin zen batzarrean onetsi zituzten Euskal Herriko Txistulari Elkartearen hiru zilarrezko dominak eman zitzaizkien Javier Hernandez Arsuagari, Sabin Bikandi Belandiari eta Txomin Agirregomezkorta Perezi.
Ibilbide oparoko hiru txistulari horiek Europako aldizkari kultural monografikorik zaharrena den «Txistulari» aldizkaria zuzendu dute garai ezberdinetan, elkarteak adierazi zuenez. Bakoitzak bere aldetik, aldizkariko zuzendaritzaz gaineko merituak ere badituzte txistuaren aldeko lanean. «Javier Hernandez Arsuagak Donostiako Txistu Esperimental Taldea sortu zuen bere garaian, tresnaren berrikuntzan abiapuntu sendoa ezarri zuen ekimena. Sabin Bikandi, berriz, Axlor eta Aiko talde berritzaileen sortzailea izan da. Azkenik, Txomin Agirregomezkorta eten gabe aritu da eta ari da oraindik ere tankera guztietako txistulari bilkuretarako moldaketa egokiak prestatzen, kontzertuak kalitatezkoak eta borobilagoak izan daitezen», esan zuten.