GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Aberri Eguna, atsedena, indarberritzeko

Aberri Egunak independentziaren aldeko apustua aitzinean jarriko du. Abertzaleok egin ditugun urratsak nabarmenak izan dira, lan handia egina izan da, eta denon artean herriaren eraikitzeko tresnak martxan jarri nahi ditugula ozen erratera aterako gara

Bai, Jon aurkitu dute. Beste kasuetan bezala, euskal militante baten gorpua ere atxilo nahi dute, familiagandik ere gorde nahi dute, autopsia gorderik egin dute. Lau hankako zakurra zegoen protesta egitera etorriak zirenen zaintzeko. Oso irudi iluna. Non zegoen ba lanjera? Gaur egun protesta egitera menturatzen direnak lanjerostzat ematen al dira? Irudi hori indartu nahi al da? Zenbat sekretu babestu nahi dituzte? Zergatik estali behar dute egia?

Estatuen arrazoia, beti. Aldi honetan gorpua itzuli dute, helburu batzuekin, noski, frantses Poliziak ez baitu azalpenik ematen, ez baitu zerbait erakusten helburu finkorik gabe. Hala ez balitz, zergatik ez itzuli Popo? Frantses Poliziak zorrozki lan egiten eta estaltzen badaki. Jonen kasuan xuriketa interesatzen zaio nonbait. Baina tira bira oso azkarrak izan behar dira eskola eta zerbitzuen artean...

Kasualitatez, bi egun geroago Pariseko gertakariak heldu dira, oso ongi eroriak Jonen kasuaren bigarren mailara baztertzeko! Eta gezurrak, iruzurrak, hedabideen manipulazioak, ikaragarriak, medio gehiago ezin zen baliatu euskal borrokaren kriminalizatzeko. Edozein hiztegi erabili izan da prentsa artikuluetan. Benetan garai beltzak ekarri dizkigute gogora, eremu batzuk, jende batzuk, mundu batzuk deabrutzen dira gobernuen miseria guztiak estaltzeko. Auzo txiroak baliatu zituzten bezala, beste sektore batzuk hartzen dituzte segurtasunaren teoriei indar handiagoa emateko, eskuin muturreko hautesleei keinu egiteko. Hauteskundeak dira! Fillon negargarria hauteskundeetatik galtzaile ez ateratzearren aktualitatea aldatzera, muturreraino aldatzera, heldu da. Ez zaio ongi atera! Ez da horretan geldituko. Ministroen axolagabekeria, ardura eskasa agerian utzi digute. Gure herria independentea balitz, hobeki egiteko zailtasunik ez genuke!

Justiziak Senpereko herriari arrazoi eman dio Laborantza Ganberari eskaini zion diru laguntzagatik izan zuen auzian. Eskerrak! Baina oso hetsia agertzen da estatuak duen jarrera Ipar Euskal Herriarekiko. AHT eta Bateraren inguruko kontsultek tokiko jendearen nahia azaleratzen du, jendeak urrats bat egin du bere geroaz iritzia emateko. Estatuak erantzun behar luke, AHTren kasuan aurrera eginen dutela iragarri dute eta Roussetek determinazio handia du txosten horretan. EAEk AHT nahi du, aukerak jorratuko dituzte elkarren artean proiektuaren konpontzeko. Elkarteen lana ez da bukatua. Baterari doakionez, emaitzak onak dira. Segidak gogoeta zorrotza eskatzen du.

Aberri Egunak independentziaren aldeko apustua aitzinean jarriko du. Abertzaleok egin ditugun urratsak nabarmenak izan dira, lan handia egina izan da, denen artean herriaren eraikitzeko tresnak martxan jarri nahi ditugula ozen erratera aterako gara. Gertakari guztiek ez dute gure bidea trabatuko, zuhurki ibiliz, gure proiektua esplikatuz. Abstentzionismoa borrokatu beharko dugu. Herrialde guztietatik abertzaleak hurbiltzen bagara, indarberritzeko aukera izanen dugu, libre bizitzeko aldarrikapenari oihartzuna emateko parada. Urtea nahiko luzea eta pisua izan baita, atseden hartzeak on eginen digu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo