Kirol eskalada | Siurana
Adam Ondraren leherketa «Golpe de Estado» bidean (9b)
Andoni ARABAOLAZA
Adam Ondrari buruz Siuranatik iritsi den azken albisteak ez gaitu harritu. 17 urteko txekiarrak «Golpe de Estado» bidea egin du. Kateatze horri esker, Ondra 9b graduan sartu da.
Chris Sharma izan zen El Pati sektoreko bide hori zabaldu eta lehen igoera egin zuena. Sharmak 2008ko abenduan sinatu zuen «Golpe de Estado» marra, eta lehen errepikapena Ondrarena izan da.
Duela hilabete inguru, Ondra gaztea muturreko bide hori probatzen hasi zen, baina hatz batean zein besaurrean min hartu eta Txekiara itzuli behar izan zuen. Pare bat astez atseden hartu ondoren, gaztea Siuranara itzuli eta di-da batean kateatzea iritsi zen.
Azken 12 hilabeteotan, Ondrak 9a-tik gorako 16 bide sinatu ditu: «9b graduko nire lehen bidea da. Eta uste dut 9b gogorra dela. Izan ere, «Estado Critico» bidearen sarrera zuzena egin behar da, eta helduleku bat apurtu da. Horren ondorioz, kateatu berri dudan «Golpe de Estado» bidea gogortu egin da. Guztira, 10 egun behar izan ditut bide hau poltsikoratzeko. Jardun bakoitzean hiruna saialdi egin ditut».