GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Pirinioak | Proposamena

«Stop kontrol!» bidea Bisaurinen iparrean ozen

Mikel Etxanizek eta Gorka Beobidek martxoaren 6an sortu zuten marra berria -hala dela uste dute bederen-. 350 metro luze ditu, eta D+ zailtasuna du. Egileen ustean, bide atsegina da, «goulotte»ak, izotzean hainbat irtengune eta 40º-45ºko elur maldak baititu.

p044_f01_75484.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurreko lan batzuetan aipatzen genuen Pirinioetako aurtengo neguko denboraldian ez dela proposamen asko egin. Hots, bide berriek ez dutela ia lekurik izan. Alabaina, gutxi batzuek zirrikituren bat edo beste aurkitu dute, marra berriren bat edo beste sortzeko.

Hori gertatu zaie Mikel Etxanizi eta Gorka Beobideri Bisaurineko (2.669 m) iparraldeko aurpegian. Gainera, kasu honetan ia txiripaz egin zuten topo marra berriarekin. Beobidek esan duenez, planak aldatu behar izan zituzten: «Berez, ipar isuriko ohiko bidera gindoazen, baina, mendiaren egoera edo baldintza bikainek, beste bide batetik igotzeko aukera eman ziguten. 350 metroko eskalada izan zen; gainera, marra berria dela uste dugu».

Martxoaren 6an burutu zuten aipatutako jarduera, eta euskal pirineisten ustez, D+ izan daiteke.

Marra atsegina

Bisaurineko ipar aurpegia dotorea bezain basatia da. Hurbilketa bidea nahikoa luzea denez, beste alderdi batzuekin alderatuta ez du mugimendu askorik. Baina, jakinarazi dugunez, Etxanizek eta Beobidek «Stop kontrol!» bidearekin proposamen berria egin dute.

Bidearen ezaugarriei dagokienez, Beobidek honako azalpena egin du: «Oso giro ona dauka. Igoerak dituen goulotte zein izotz irtenguneetan daude zailtasun tekniko gogorrenak. Badira batzuk ez oso luzeak eta ez oso tenteak. Tarte tekniko hauek elur maldekin lotuta daude. 40º-45ºko elur aldatsak dira, eta ez dute arazorik sortzen. Horrela bada, eskalatu dugun balizko marra berri hau oso atsegina da eta oso giro ona dauka. Guk baldintza onak izan genituen».

«Stop kontrol!» bidea, beraz, Bisaurineko ipar aurpegian eskalatzeko proposamen berri gisa aurkezten zaigu. Igoerarako beharrezko materialari dagokionez, bidea zabaldu dutenek honakoa proposatzen dute: 6 izotz torloju (motzak aukeran), 2 hesola lagungarri izan daitezke, zintak, kordinoak eta trabagailu txikiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo