Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria
Independentzia teknologikoa
Inoren mendeko ez izateko, hau da, burujabetza erabatekoa izan dadin, eremu guztietakoa izan behar du: politikoa, juridikoa... eta, besteak beste, teknologikoa. Eremu horretako burujabetzaz dihardu Iratxe Esnaolak artikulu honetan. Hartarako, euskarazko tresnak erabiltzea aldarrikatzen du. Hala ere, Esnaolak ohartarazten duenez, «euskararen erritmo teknologikoa ez da erritmo ekonomikoa, izaeran eta nortasunean oinarritutako erritmoa baizik»; hortaz, «euskarazko tresnen garapenaren kontrola gure eskuetan uzten duten teknologiak hautatu behar ditugu», software libreak baino ahalbidetzen ez duen aukera, alegia.
Burujabetza, independentzia: askatasuna bere esanahirik kolektiboenean. Euskal Herria inongo mendekotasunik gabe: independente, burujabe, aske. Hori guztia, izaera, erritmo eta kontrol terminoetan ere argudia daiteke: lehenik, izaera propioa dugu, nortasun historikoa; bigarrenik, gure txikitasunetik abiatuta, gure nortasunari egokitzen zaion garapen erritmoa nahi dugu; eta, noski, erritmo horren abiadura eta nolakotasuna guk geuk kontrolatu nahi ditugu, inolako mendekotasunik gabe. Hortaz, mendekotasunik ez izateko, burujabetzak osoa eta erabatekoa izan behar du. Eremu guztietakoa: dela burujabetza politikoa, dela juridikoa, dela elikadurari loturikoa edota, besteak beste, teknologikoa. Azken hau ere, eremu teknologikoko burujabetza, landu egin behar baita, guztiz aske izan nahi badugu. Alegia, independentzia teknologikoa ere erabateko independentziaren zatitzat ulertu behar da, izaera, erritmo eta kontrol terminoetan. Zergatik? Teknologiak gure egunerokotasunaren parte izateaz gain, gure kasuan, gure nortasunari egokitutako behar teknologikoak ditugulako; izaera horri erantzungo dion garapen teknologikorako gure erritmo propioa izan nahi dugulako; eta, noski, horren guztiaren kontrolak, ezinbestean, gure eskuetan egon behar duelako.
Euskararen herrian, izaera teknologikoak euskara du abiapuntu eta helburu. Teknologien eremuan gure nortasuna lantzeko, ez ditugu tresna esklusibo eta bereziak behar. Ez. Behar duguna euskarazko tresnak erabiltzeko aukera da. Dena delako tresnekin komunikatzeko hizkuntza baita, zalantzarik gabe, besteengandik ezberdintzen gaituena. Alegia, erabiltzen dugun sistema eragilea edota aplikazioak euskaraz izatea da gure izaera teknologikoa sortu, elikatu eta bermatzeko bidea. Berdin da tresna horiek guk geuk garatu edo besteenak euskarara itzultzen edo lokalizatzen ditugun. Jatorriak jatorri, euskarazko tresnak sortu eta erabiltzeko askatasun osoa behar dugu. Gure tresna propioak sortzen ditugunean, euskaraz baina hizkuntza-aniztasunerako garatu behar ditugu. Hau da, besteengan ere pentsatu behar dugu, beste hizkuntzetara modu errazean itzulia izateko aukera existitu dadin. Era berean, besteek egindakoa euskarara lokalizatzeko bidea behar dugu, hala nahi badugu, itzuli ahal izateko. Gure izaera teknologikoak, hortaz, hizkuntza-aniztasuna errespetatzen eta sustatzen duten teknologien eremuan kokatzen gaitu halabeharrez, modu horretan soilik sortuko baitira, han eta hemen, euskararen teknologiak. Euskal Herriak, beraz, hizkuntza-aniztasunerako teknologiak sortu, erabili eta bultzatu behar ditu.
Eta izaera eta behar propio horiek guztiak erritmoaren eskutik helduta datoz. Ekoizpen edota garapen erritmoa da. Gure beharrei erantzungo dien erritmoa, ez gehiago ez gutxiago. Euskararen teknologiek ere beren erritmo propioa dute eta erritmo horri erantzun behar zaio. Hortaz, euskarazko teknologiak sortu ala ez sortu, hau edo bestea garatu eta lehentasunak markatzeko erabakiak guk geuk hartzeko askatasuna behar dugu. Ezin dugu atzerriko enpresek beren produktuak euskarara itzultzea erabaki zain egon. Ezin gara instituzio publiko eta atzerriko enpresen arteko hitzarmen ekonomikoei begira gelditu (Eusko Jaurlaritza eta Microsoft-en artean, adibidez), euskararen erritmo teknologikoa ez baita erritmo ekonomikoa, izaeran eta nortasunean oinarritutako erritmoa baizik. Alegia, nahi ditugun tresnak euskarara itzuli eta gure beharretara egokitzeko burujabetza behar dugu. Guk erabaki, zer eta noiz, inoren zain egon gabe. Gure erritmoa zehazteko askatasuna behar dugu. Zein tresna euskaratu behar ditugu? Zein tresna berri behar ditugu? Euskal Herriak, beraz, garapen teknologikoaren erritmoaren gainean erabakitzeko aukera ezinbestekoa du.
Baina, paradoxikoki, askatasun osoa emango diguna garapen horren gaineko kontrola da. Guk nahi duguna guk nahi dugun moduan eta nahi dugunean garatzeko aukera behar dugu. Eta horretarako, noski, horren guztiaren gaineko kontrolak gure esku egon behar du. Alegia, gure behar teknologikoak asebete eta guk erabakitako erritmoan garatzeko, euskarazko tresnen garapenaren kontrola gure eskuetan uzten duten teknologiak hautatu behar ditugu. Kontrola erabiltzailearen aldean jartzen duten teknologiak, inongo enpresa eta instituzioren mendekoa izan gabe. Aske, libre. Eta hori teknologia askeak libreki erabiliz lortuko dugu soilik. Teknologia libreek eskaintzen baitute, oinarrian dituzten lau askatasun teknologikoen gainean, Euskal Herriak behar duen askatasun teknologiko kolektiboa.
Eta hori guztia eta gehiago da software librea. Euskararen teknologia da software librea, euskarari eta elkartasun linguistikoari ateak parez pare irekitzen dizkion teknologia mota bakarra. Software librea erabiliz sortzen diren tresnak, hizkuntza-aniztasunerako garatuak izan dira, hau da, euskarara modu errazean itzul daitezke. Eta era berean, euskaraz sortzen den software librea ere beste hizkuntzei (eta herriei) begira jartzen dugu. Eta euskaraz ez dagoen software librea, nahi dugunean euskaratu dezakegu eta, eremu linguistikotik harago, gure beharretara egokitu. Software librearen eremuan, euskarak guk nahi dugun garapen erritmoa izan dezake. Are gehiago, software libreak euskararen garapen teknologikoa gure eskuetan uzten du. Gure kontrolpean dago eta guk nahi duguna izango da. Euskara eta Euskal Herria, bere txikitasunetik, handi bilaka daitezke software librearekin.
Beraz, software librea independentzia teknologikoaren berme nagusia da. Gure tresnen jabe bilakatzen gaitu. Bertako industria teknologikoa indartzen du. Bertako ezagutza-sarea sortu eta elikatzen du. Euskarazko tresnak bermatu eta hizkuntza-aniztasuna sustatzen du. Software libreak, maila indibidual zein kolektiboan, teknologikoki aske bilakatzen gaitu eta, gaur egun, hori ere erabateko askatasuna lortzeko pieza bat gehiago da. Hori guztia eta hori bakarrik da software librea: independentzia teknologikorako bidea, aspalditik hor dagoena, garatzen ari garena, baina behar baino gutxiago erabiltzen duguna. Inoiz ez da berandu. Eman urrats bat independentzia teknologikorantz: erabili software librea.