GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora-apustuek indarra hartu dute berriro ere, zaleen poz eta gozamenerako

Aizkora apustuak modan daude berriro ere. Iazko azarotik, hiru desafio jokatu dira dagoeneko, eta beste bi hitzartuta daude. Zaleek bikain erantzun dute orain arte jokatu direnetan, jendetza bildu baita. Garrantzitsuena, ordea, plazetan jende gaztea ikustea izan da.

p038_f02_14140.jpg

Jon LEUNDA

Aizkora-apustuak berriro ere modan dira. Kirol honek indarra hartu du. Gaur egun gazte asko ari dira aizkoran, eta apustuak «berpiztu» egin dira. Horren errua zaleek ere badute, desafioak direnean erruz erantzuten baitute.

Denboraldi honetan, hau da, udazkenean hasi eta udaberrira bitarte, hiru apustu jokatu dira. Azaroan Larretxea eta Mindegia neurtu ziren, eta lehenengoak irabazi zuen. Otsailean bi izan ziren. Hilario eta Mieltxo Mindegia -Miel Mindegiaren anaia eta semea- Andiarenaren eta Mariezkurrenaren aurka neurtu ziren. Mindegiatarrek irabazi zuten. Gero Otaegi eta Txikon neurtu ziren, eta hori lehenengoak eraman zuen. Orain, beste bi geratzen dira jokatzeko. Bata, datorren igandean bertan izango da. Olasagasti eta Mendizabal izango dira aurrez aurre. Bestea, maiatzaren 9an jokatuko dute Zalduak eta Erasunek.

Aizkora-apustuez gain, aurtengo desafio horietako batzuk bereziak izan dira, aspaldian egin ez diren modukoak izan baitira. Esaterako, Txikon eta Otaegi, hiru lanetan neurtu ziren, harri-jasotzen, aizkoran eta korrikan. Erasun eta Zaldua, berriz, aizkoran eta korrikan neurtuko dira. Badirudi berriro ere aspaldiko apustuetara itzuli garela, orain dela urte batzuk aizkoran eta korrikan jokatzea ohikoa baitzen. Aizkora-apustu bat binaka txanda librean ere ez zen aspaldian izan, eta horrelakorik ere izan da aurten.

Beste datu deigarri bat ere izan da: aizkolari gazte gero eta gehiago ari dira apustu munduan sartzen. Aurtengo denboraldian jokatu diren apustuetan denetik izan da. Azaroan, bi beterano neurtu ziren, Mindegia eta Larretxea. Datorren astean ere beste bi beterano arituko dira, Mendizabal eta Olasagasti.

Besteak, ordea, gazteak izan dira, eta berragerpen bat ere izan da tartean, bai eta aizkoran lehen aldiz apustua jokatuz plazaratu direnak ere. Hori joan den otsailean izan zen, Donezteben jokatu zen desafioan. Bertan, urte askoan aritu gabe egon ostean, plazetara itzuli zen Hilario Mindegia. Berarekin Mieltxo Mindegia zen, Miel handiaren semea. Bera zen Mindegiak dituen semeetan plazetan aritu gabeko bakarra, eta apustu bat jokatuz agertu zen. Beste aldean ere gauza bera izan zen, izan ere, lehen aldiz plazaratu baitziren Andiarena eta Marizezkurrena.

Txapelketak eta apustuak

Orain dela 25 urtetik atzera begiratuta, urtean zehar apustu ugari jokatzen ziren, hilean bat baino gehiago ere jokatzen ziren, eta baita egun berean bat baino gehiago ere. Kontua gutxitzen joan zen, aizkolari gazteak desagertzen, eta apurka-apurka apustuak gutxitzen joan ziren. Bazirudien, gainera ia desagertu ere egingo zirela, baina itxura denez, horri buelta eman zaio. Garbi dago apustuek txapelketek ez duten zerbait dutela; jendea, behintzat, gehiago erakartzen dute. Horren adibideetako bat joan den otsailaren 27an eta 28an Azpeitian gertaturikoa da. Larunbatean Urrezko Aizkorako eta Zilarrezko Aizkorako finalak jokatu ziren. 200 ikusle baino ez ziren bildu, nahiz eta egia den haizete handia iragarrita zegoen eguna zela eta horrek ere jendea atzera botako zuela. Hurrengo egunean 1.700 ikusle inguru batu ziren Txikonen eta Otaegiren arteko desafioa ikusteko.

Nolanahi ere, garbi dago txapelketak beharrezkoak direla, baina baita apustuak ere, zaleen grina asetzen baitute, eta jendeak buruz buruko neurketa horiek ikusi nahi ditu. Kirolariek beti esaten dute, desafio batek lehiaketa batek ez duen zerbait duela, eta hori nabaritzen da, nahiz eta biak izan beharrezkoak.

Gaur egun plazetan dabiltzan aizkolarien artean apusturik gehien egindakoa Miel Mindegia izango da. Ezkurrakoak lehen apustua 18 urterekin jokatu zuen, eta azkenekoa joan den azaroan jokatu zuen 60 urte ondo beteta dituela. Berak ere ez omen daki bere bizitzan zenbat jokatu dituen. Olasagastik berak ere asko jokatu ditu, eta azken hamarkadan, gainera, seguruenik ere bera izango da gehien jokatu dituena, eta oraindik hortxe jarraitzen du.

Gazteen artean azken urteotan Otaegi nabarmendu da, azken hiru urteetan hiru jokatu baititu, urte bakoitzeko bat. Gazteen artean Arria V.a izango da apustu gehien jokatu dituenetako bat, nahiz eta azkenaldian ez duen jokatu. Dena dela, eta jendeak erantzuten duen bitartean, garbi dago apustuak jarraitu egingo duela. Gainera, garrantzitsua da gazteak harmailetan ikustea, eta azkenaldiko desafioetan horixe gertatu da, gazte jende asko izan baita harmailetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo