GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Bloke | Zirkuitua

Boulder Liga, herri izaeraren erakusleiho leial eta arrakastatsua

Lau proba izan ditu Gasteizen antolatzen den blokeko zirkuituak. Antolatzaileak pozik dira aurtengo deialdiak izan duen erantzunarekin, eta datorren urterako berrikuntzak iragarri dituzte.

p045_f01_41587.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Hegoalde gizarte etxeko boulder aretoan jokatutako probarekin eman zaio amaiera aurtengo Boulder Ligari. Gasteiz aldean antolatzen den zirkuitu honek hilabete eta erdi iraun du, eta, beste behin ere, bere herri izaera aldarrikatu du. Arrakastaren bidean jarraitzen du lehia deialdi horrek, eta aurrera segitzeko gogo handiz daudela esan digute antolatzaileek.

Neguko aurtengo zirkuitura 58 lehiakide hurbildu dira, eta nesken Elite Mailan izan ezik, gainerakoetan parte-hartzaile ugari izan dira. Pozik dira, beraz, antolatzaileak: «Ligak herri izaera duenez, uste dugu oso egokia dela lehiakideentzat. Batzuen batzuk eskarmentua hartzen doaz eta mailan ere gora egin dute. Esan dezakegu maila handiagoa duten beste lehiaketa batzuetaranzko tranpolina dela. Horrela bada, gure helburu nagusietako bat lortu dugu. Halere, jakin badakigu beti izango ditugula lehiakide fidelak. Beraz, mila esker guztioi, eta zorionak».

Arestian aipatu dugun legez, azken proba Hegoaldeko boulder aretoan izan zen. Aurreko hiru probak jokatu ondoren, sailkapen nagusiak nahiko argi zeuden arren, Hegoaldekoan ezustekoak izan ziren.

18 urtetik beherakoen mailan, nesketan, emozio handia izan zen. Izan ere, Lara Larrañaga eta Miriam Mulasen artean lehia estua ikusi da zirkuitu osoan. Berdinduta iritsi ziren azken probara, baina Larrañagak azken blokean top egin eta txapela eraman zuen. Bigarrena Mulas izan da eta hirugarrena Amaia Egea.

Mutiletan, berriz, Ibai Isusik irabazi zuen Hegoalden, baina Liga Beñat Morenorentzat izan da, bigarren postua Iñaki Velascorentzat eta hirugarrena Eneko Infanterentzat.

Lehia ederrak

Herri mailakoan, oro har, ez da ezusteko handirik izan. Nesketan, inolako zalantzarik gabe, Jone Martinez izan da indartsuena. Proba guztiak irabazi eta txapela eskuratu du. Ligako bigarrena Cristina Rey izan da eta Zuriñe Etxeberria hirugarrena. Mutiletan, nahiz eta azken proba Jokin Estebanek irabazi, Ruben San Vicente izan da irabazlea. Haren atzetik Cristian Alonso eta Esteban geratu dira.

Eta, azkenik, Elite Mailan aipatu behar da, zoritxarrez, nesketan parte-hartzaile bakarra izan dela: Itziar Zabala. Hori bai, oso maila bikaina erakutsi du. Mutiletan, Iñaki Arantzamendik azken proba zein sailkapen nagusia eraman ditu. Ligan bigarren Ruben osa izan da eta Mikel Olivera hirugarren.

Horixe izan da aurtengo Boulder Ligak eman duena. Oro har, giro bikaina, maila ederra eta lehia estuak izan dira. Hori guztia ikusirik, antolatzaileek adierazi digute datorren urteari begira hasi direla: «Boulder Liga erabat sendotu da. Ilusio handiz hasiko gara datorren urtekoa prestatzen. Berrikuntza batzuk izango ditu. Eta gure xede nagusia lortze aldera lan eskerga egingo dugu: ea hasiberriek zein beteranoek datozen denboraldietan gozatzen jarraitzen duten».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo