K2000 ekoizpen etxea, EITBk Baionan duen egoitza hartzeko prest
Galdakaoko K2000 ikus-entzunezko proiektuak garatzen dituen ekoizpen etxea izango da dirudienez heldu den apiriletik goiti EITBk Ipar Euskal Herrian eskaintzen duen zerbitzua kudeatuko duen enpresa, behin lehiaketa publiko murritzeko epea itxita.
GARA | BAIONA
Aste honetan kazeta.info atarian irakurri ahal izan dugunez, antza, Galdakaoko K2000 ekoizpen etxeak hartuko du bere gain EITBk Ipar Euskal Herrian eskaintzen duen zerbitzua.
EITBk «lehiaketa publiko murritza» erabili du zerbitzua sozietate horri eskaintzeko. Iragan ostegunean amaitzen zen proposamenak aurkezteko epea eta K2000ko arduradunek «Le Journal du Pays Basque» egunkariari baieztatu ziotenez, EITBk Ipar Euskal Herrian duen antena kudeatzeko prest dira eta jadanik Baionako langileei eman diete euren asmoaren berri.
Azken urteotan Euskal Media eta Komedia sozietateen bidez kudeatu du EITBk zerbitzua Ipar Euskal Herrian. PSEk EAEko Gobernua hartu eta urtebetera Baionako egoitza aldaketa-haizeak astindu du. Udazkenetik hona langileek ez dute berri argirik jaso. Bai, ordea, kaleratzeko agindua.
AB-Aralarrek afera EAEko Legebiltzarrera eraman ostean, azken hamarkadan Iparraldean EITBk eman duen zerbitzuaren balorazio «zuri-beltza» egin eta aitzina begira «gardentasun osoz» jokatu nahi dutela erran zuen Alberto Suriok, baita lehiaketa publikoaren deialdia iragarri ere.
Epeak agortzear zirela -martxoaren 31n amaituko dira langileen kontratuak- «lehiaketa publiko mugatua»ren formula baliatu du EITBk. Eskaintza Galdakaoko K2000 ekoizpen etxera heldu da, eta honek baieztatu duenez, prest da eskaintza onartzeko.
K2000 enpresa Mediapro taldeko kide da eta, ikus-entzunezkoak eta edukiak -telebista emankizunak, bideoak, dokumentalak, filmak eta Interneteko produktuak- ekoizten ditu. Zerbitzu guztiak Galdakaon (Bizkaian) duen produkzio gunean biltzen ditu.
Urteak daramatza EITBrentzat ekoizpenak egiten. Besteak beste, «Kalaka», «Pásalo», «Baserria», «Lo que faltaba» edo «Bertatik bertara» emankizunak ekoiztu ditu. Prentsa idatziaren arloan PSOEtik hurbil dagoen «Público» kazeta bultzatu du Mediaprok.
Helbide bat lotan Angelun
Gonzalezek azaldu zuenez, K2000k egoitza du Angelun eta orain arte ez du «gehiegi baliatu»; aitzina begira, ordea, Ipar Euskal Herrian bere presentzia bultzatu nahi du K2000k. Berez, gauzak espero bezala ateraz gero, Baionako egoitzan eginen dute lan, eta urtebeteko kontratua sinatuko dute EITBko zuzendaritzarekin. Gerora kontratu hori urtetik urtera berritu daitekeela azaldu du Gonzalezek.
Alberto Ruiz, langileekiko harremanez arduratzen dena, Baionan jarduten duten hainbat kazetariekin mintzatu dela eta «harrera ona izan duela» nabarmendu du Gonzalezek.
Kazeta.infok jakin ahal izan duenez, urtebeteko lan kontratua sinatuz gero, litekeena da langileek soldatak atxikitzea, baina lan baldintzak aldatzea.
Egun EITBk Baionan duen egoitzan lan egiten duten bost langileak atxikiko dituzten galdetuta, bere asmoa hori dela baina gai hori itxi gabe dagoela adierazi du K2000k. Bestalde, orain arte bezala, astelehen eta ostiral bitartean Iparraldetik emankizun bat egiteko asmoa dutela aipatu du. «Ez dut uste gauzak asko aldatuko direnik, gure sozietateak EITBk eskatu duena eginen du», gaineratu dute K2000ko arduradunek.
Gauzak espero bezala ateraz gero, K2000 ekoizpen etxeak kudeatuko du EITBren Baionako egoitza, eta urtebeteko kontratua sinatuko du EITBko zuzendaritzarekin