GARA > Idatzia > Kultura

«Txapela jantzita, egia esan, nahiko ondo ikusi dut nire burua argazkietan»

p048_f01_148x244.jpg

JULIO SOTO

NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

Julio Soto Gorritin jaio zen 1987an, eta hogeita bi urte ditu. 2003 eta 2004ko eskolarteko txapelduna izan ostean, Nafarroako Bertsolari Txapelketan pausoz pauso gero eta gorago ikusi dugu, herenegun txapela jantzi zuen arte. Egun Lekunberriko bertso eskolako `ikaslea' finalean sartu zen 2006an, hirugarren izan zen 2008an eta Silveiraren txapeldunorde iaz. Aurten baina, dotore jantzi du oso txapela.

Anartz BILBAO | BILBO

Mutil lasai eta xumea dirudi Julio Sotok. Atzo nekatuta eta pozik harrapatu genuen -eguna argitzerainoko parranda eginda-, eta ia-ia txapela erantzi gabe zuela. Herenegun Lesakan, eta oholtza gainean lagunez inguratua zegoela, bere-berea egin zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketako sari nagusia.

Txapela janzteko hautagai nagusia genuen Julio Soto?

Bazebilen zurrumurrua, eta ez nire buruan bakarrik, Arkaitzen buruan ere askok janzten zuten txapela, Legarretarenean...

Hasierako agurretik baina, zuk jantzi nahia agertu zenuen.

Azken bi urteetan nire agurrak finalisten arropekin lotuak egon dira beti, eta aurten, gehienbat umorea egiteagatik, txapela falta zitzaidala esan nuen.

Eta azkenean jantzi, dotorezia handiz gainera.

Beno, ikusi ditut argazkiak eta, egia esan, txapela jantzita nahiko ondo ikusi dut neure burua.

Hitz egin dezagun herenegungo jardunaz. Noiz sumatu zenuen txapela buruan?

Hasieratik oso saio ona zihoala eta Arkaitz oso saio ona egiten ari zela ikusi nuen. Ni gustura nengoen nire jardunarekin eta, Arkaitzen kartzelakoa entzun gabe ere, banekien hortxe-hortxe ibiliko ginela. Bion arteko desenpatea izango genuela ere uste nuen, eta berarekin hitz egiten ari nintzela, «Arkaitz, jan zak zeozer, seguraski berriz kantatu beharko diagu-eta» esan nion. Azkenean 23 puntuko aldea egon zen, eta ez da alde handia. Baina ez nekien garbi ni edo bera zen aurretik.

Oholtza gainean eroso sentitu zinen?

Nahiko urduri pasatu nuen eguna, baina agurretik hasi eta azkeneko bertsora arte burua oso argi izan nuen, oso suelto.

Egun ederra Lesakan, eta festa giro paregabea.

Eguna ez dakit, baina arratsaldea behintzat izugarria izan zen; a ze giroa! Orain arteko Nafarroako finalak beti izan du festa kutsua ezaugarri, baina aurtengoa, Lesakakoa, sekulako politena izan da, nik behintzat ezagutu dudan ederrena. Giro aldetik, jendea txaloak jotzeko asmoz... oso esker oneko zeuden atzo entzuleak.

Zortzi finalisten artean, bertso eskola berekoak zineten bost.

Bai, Lekunberriko eskolakoak. Arkaitz da gure irakaslea, eta gero Estanga, Lazkoz, Terreros eta ni, bere lau ikasleak. Nik atzo laguntasun berezi bat sumatu nuen denon artean, eta uste dut horretan eragin handia izan zuela horrek; finalean bostok izatea nolabaiteko sari bat izan baita.

Belaunaldi polita osatu duzue, eta emaitza onak lortu.

Hiru urte daramatzat bertso eskola horretan. Arkaitz izan dugu maisu eta zorte handia dugu berarekin, bertsoa lantzeko bide edo ikuspuntu berri batzuk erakutsi baitizkigu. Emaitza aurten ikusi da Nafarroako finalean zortzitik bost egonda; ondo egindako lanaren emaitza.

Nola ikusi zenituen kantuan ondoan zenituen lagunak?

Erregulartasuna da nik erabiliko nukeen hitza lagunen lana deskribatzeko; ez zuela inork hutsik egin da sentsazioa. Atzo denok asmatu genuen, lehenbizikotik azkenera, eta saioari erregulartasuna emanda, atzokoak bezalako emaitzak lortzen dira: oholtzatik jaitsi eta jendea saioarekin gustura, denek ale politak utzita...

Zuk finalerdietan ekin zenion txapelketari, eta finalera sailkatu saio bakarra eginda.

Saio bat egitea baino agian hobe da bi egitea, baina nire saioa oso gustura kantatu nuen eta finalera neure buruarekiko ziur iritsi nintzen, ongi egin nezakeela sinistuta. Ez dut uste eragin handirik daukanik saio bat edo bi egiteak.

Kartzelakoan, arriskuak hartu eta Mikel Laboaren doinuan kantatu zenuen.

Aurretik pentsatuta neukan doinu hori erabiltzea. Finalerdian ere erabili nuen, eta bertso eskolan ere ibili naiz kantatzen, gehienbat oso polita delako eta kantatzeko erraza. Badu arriskua bai, baina banekien arriskatu beharra neukala eta kartzela toki aproposa iruditzen zitzaidan.

 

Kartzelakoan, zortzi bertsolaritik lauk gai bera hautatu eta amari homosexualak zinetela aitortzea erabaki zenuten.

Kasualitatea izan da, baina zortzientzako gai bera izatean askok bide bera hartzeko arriskua dago. Gaia entzun eta bide hori hautatzean, nik ez nuen pentsatu beste hiruk ere bide hori hartuko zutenik. Egia esan, hartzen ari nintzen bidea originala zela eta guzti uste nuen, pentsa, eta lauk bide bera hartu!

 
«Agurreko eskaintzarekin opari bat egin nahi nion baserriari, bertsoa eman izana eskertzeko»

Telefonoz egindako solasaldian, herenegun Lesakako frontoia lepo zela Julio Sotok oholtza gainean bizi izandako sentsazioak ezagutu nahi izan genituen, eta elkarrizketako atal nagusira ekarri. Txapela jaso osteko ospakizunen berri ere izan genuen baina, eta hona logale zen gorritiarrak kontatu zizkigunak.

Txoritxo batek kontatu digunez, eguna argitu arteko festa izan omen zuen txapelaren ospakizunak.

Bai, sagardotegian afaldu eta parrandan ibili ginen Lesakan bertan, giro ederrean. Gero, behin argitu eta elkarrekin gosaldu ondoren, ostatura lotara joan arte.

Logale izango zara, telefonoa jo eta jo izango zenuen-eta.

Jendea oso ondo portatzen da. Eta telefonoa su hartu beharrean dabilela egia bada ere, oso pozik nago; horrelako egunetan ez da kexarik. Ospakizunetan ez naiz inorekin bereziki gogoratu edo ez nau inork konkretuki harritu, baina bai zenbat jendek deitu nauen eta zenbat jende gogoratu den nirekin, eta gustura nago.

Etxekoak ere pozez zoratzen izango dituzu.

Egia esan, bi-hiru ordu baino ez dut lo egin eta orain gutxi heldu naiz etxera. Eta hemen gabiltza, askaria egin eta txapela eta garaikurra begiratzen. Orain atseden apur bat hartu eta bihar jada gauzak beste modu batez ikusiko ditut, lasaiago. Baina momentu honetan oso-oso pozik gaude denok etxean.

Euskal baserritarrei eskaini zenien txapela.

Ama baserrikoa da eta ni ere baserrian bizi naiz. Bertsolaritza baserri mundutik datorrela uste dut. Beti esaten dut nire lagun guztiak bertsolariak direla, denek bertsotan egiten ez duten arren. Hitz jokoak, txantxak... bertso hitz eginak deitzen diodanaz ari naiz. Nik txikitatik hemen, Gorritin, beti ezagutu dut umore puntu hori, Lazkao Txikiren estereotipo hori, beti adar jotzean ibiltzearena. Baserri munduak erakutsi dit hori, eta horregatik lotu izan dut beti baserria bertsoarekin eta, atzo esan nuen bezala, euskal kulturaren oinarriarekin. Horrexegatik, nire eskaintza opari bat zen, baserriari bertsoa eman izana eskertzeko.

Hogeita bi urte eta Nafarroako txapeldun. Etorkizuneko erronka modura, Txapelketa Nagusiko txapela duzu amets?

Egunez eguneko bidea egin nahi nuke nik. Nire helburua oraintxe plazan kantatzea da. Txapel bat lortzea handia da, baina azkenean bertsolaria plazak egiten du eta nire helburua hori da, hurrengo asteburua iritsi eta Bergaran kantatzea, hurrena iritsi eta beste nonbait... bertsolari sentitzea.

 

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo