GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hazelwood ez, Halliburton

 

Deepwater Horizon (a) Macondo petrolio ustiaketarako itsas plataformaren leherketak iragan bi aste hauetan Mexikoko Golkoan eragin duen kutsadurarekin batera -eta konponbideak baino askoz azkarrago- agertu dira analogiak eta konparazioak. Anabasa norainokoa izan daitekeen ulertzen laguntzeko, seguruenera. Hala bedi. Baina, kasualitatez-edo, «Exxon Valdez» petrolio-ontziak duela 21 urte Alaskan eragin zuen desastrea aipatzen da maizenik aurrekari horien buruan, eta ez dakit horrek gauzak argitu ordez ez ote dituen desitxuratu eta mozorrotzen. Ez da hori konponbideak aurkitu eta etorkizunerako neurriak kausitzeko era aproposena.

«Exxon Valdez»-en kasuan, Joseph J. Hazelwood kapitaina izan zen «izarra». Gertaera haren mitologian sagaratuta geratu da Hazelwood mozkorturik zegoela 1989ko martxoaren 24ko lehen minutuetan 300 metro luze eta 110.000 tonako ontzitzarrak harkaitzak jo zituenean Port Valdezetik milia gutxitara. Epaiketan ez zen halakorik frogatu. Bai, ordea, Hazelwood ez zegoela aginte-zubian istripua gertatu zenean, eta arauzko atsedenak hartu gabe zeuden hirugarren ofiziala eta marinel baten gidaritzapean zihoala ontzia. Kapitainari bakarrik ezarri zitzaion zigorra epaitegian: 50.000 dolarreko isuna eta gizarte onurarako 1.000 ordu sartu beharra. Exxon konpainiari ezarri zitzaizkion isunak eta kitamenduak epaitegietan bueltaka zebiltzan oraindik iaz. Xehetasunetan gehiegi murgildu nahi ez dutenentzat, edonola ere, «lanean behar adinako ardura ipintzen ez duten langileek sor ditzaketen galeren» adibide eredugarria izango litzateke «Exxon Valdez»-ena. Giza-lehengaiaren kalitatearen arazo zahar eta betikoa. Agian.

Ez dut uste horrelako ezer dagoenik Deepwater Horizon-en kasu honetan. Eztandan hil ziren 11 langileetakoren bati -edo denei; edo besteren bati- errua leporatzeko tentazioan norbait baietz erori apustu egiten dudan arren. Aldiz, belarriak tente ipinarazi dizkidan datua ikusi dut txoko batean: apirilaren 20ko eztanda gertatu baino hogei ordu lehenago amaitu zuen Halliburton enpresak putzuaren zimendatzea. Kasualitatea izango da, beharbada. Eta, «Exxon Valdez»-en kasuan ez bezala, Macondo plataforman benetan zer gertatu zen jakitea horren erraza ez denez, luze joango da egia argitzea, inoiz argitzen bada. Baina Halliburtonen aurrekariak (iazko abuztuan Timorreko itsasoan, urrutira joan gabe) gogoan ditugunontzat, aintzat hartu beharreko kontua da petrolio ustiapenerako zerbitzuen erraldoi ilunaren jarduera kasu honetan ere. Cheney eta haren haur besoetakoekin setatiegia naizela esango dit baten batek...

Argibideen zain gauden bitartean, Deepwater Horizonen isurketaren anabasa norainokoa izan daitekeen igarri nahi duenak har dezake adibide hurbil eta egokiagotzat Pemex konpainia mexikarraren Ixtoc I plataformak 1979an izan zuen leherketa. Oraingo honen oso antzekoa. 450.000 tona petrolio isuri zirela orduan kalkulatzen da («Prestige», «Erika» eta antzeko «huskerietan» itsasoratutakoak baino askoz gehiago, beraz) eta, 1991ko Golkoko Gerran izan zenaren ondotik, historiako bigarren isurketa handiena da. Orain artekoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo