GARA > Idatzia > Ekonomia

Desadostasunen gainetik, ESK-k Nafarroan jarraituko duela nabarmendu du

Urtebete baino gehiago daramate ESK-ko zuzendaritza nazionalak eta Nafarroako zuzendaritzak beren arteko desadostasunak bideratu nahian. ESK-k GARAri azaldu dionez, Nafarroan nolabaiteko banaketa gerta liteke, baina ESK-k herrialdean jarraituko luke betiere.

Amaia ZURUTUZA |

ESK sindikatuko zuzendaritza nazionalaren eta Nafarroako zuzendaritzaren arteko desadostasunak direla-eta, sindikatuak urtebete baino gehiago darama auzi hori bideratzeko modua bilatzen. Halaxe adierazi zion atzo ESK sindikatuak egunkari honi, Efe agentziak zabaldu zuen informazioari buruzko argibideak emanez. Zehazki, ESK-ko Nafarroako eta EAEko zuzendaritzak banaketa negoziatzen ari direla adierazi zuen Efek.

Zentzu honetan, sindikatu honeko iturriek GARAri adierazi ziotenez, «banaketa aukera bat da, baina banaketak ez du esan nahi ESK Nafarroan desagertu egingo litzatekeenik, baizik eta zuzendaritza nazionalarekin bat ez datorren Nafarroako sektoreak sindikatu berri bat sortuko lukeela». ESK sindikatuak beraz, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba nahiz Nafarroan jarraituko luke bere jarduna.

Hala ere, ESK-k banaketarena aukera bat dela azaldu zuen, baita nabarmendu ere ez dela ez aukera bakarra, ez nagusia. Era berean, Efek argitaraturiko informazioa sindikatuko barne «zirriborro» batean oinarrituta dagoela azaldu zuen sindikatuak, eta beraz, norbaitek testua helarazi diola agentziari.

Sindikatu berria

Agentzia honen bertsioaren arabera ESK-ko kideek sindikatu berria sor lezakete datorren ekainaren 30ean. Zehazki, CUIS (Coordinadora Unitaria de Izquierda Sindical) garai bateko sindikatua jarriko lukete berriro martxan.

Dena den, egunkari honi egindako adierazpenetan, sindikatuak argi utzi nahi izan zuen banaketa aukeretako bat bada ere, ez dela «EAEko eta Nafarroako» ESKren banaketa izango, baizik ESK eta Nafarroako sektore baten artekoa. «ESK-k Nafarroan jarraituko du», nabarmendu zuten ildo honetan.

BANAKETA

ESK-k azaldu zuenez, banaketa aukeretako bat da baina ez «EAEko eta Nafarroako» ESKren banaketa, baizik eta ESK eta Nafarroako sektore baten artekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo