GARA > Idatzia > Kultura

Lujanbio, Egaña, Colina eta Sarriegi izango dira Bilboko «Udaberriko Bertso Saioetan»

p041_f02_088x072.jpg

GARA | DONOSTIA

«Udaberriko Bertso Saioak» bertsolaritzari buruzko programak larunbat honetan hasiko du bere 26. edizioa, Santutxuko Karmelo plazan. Han izango dira Maialen Lujanbio Txapelketa Nagusiko egungo irabazlea, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi, 13.00etatik aurrera.

Bestalde, maiatzaren 15ean, Uxue Alberdi gipuzkoarrak hiru bertsolari bizkaitar izango ditu aurrez aurre, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia, hain zuzen ere.

Aire zabaleko azken saioa maiatzaren 22an izango da, 13.00etan, Karmelo plazan, aurrekoak bezala. Honakoan Amets Arzallus -egungo Iparraldeko txapelduna-, Aitor Mendiluze, Gipuzkoako txapelduna, eta txapelketa nagusiko finalean lau aldiz parte hartu duten Jon Maia eta Unai Iturriaga, izango dira.

Aurreko edizioetan bezala, aire zabalean egitekoak diren bertso saioez gain, programazioaren barruan ekitaldi berezia eskainiko dute Begoñako Udaltegian, Txurdinagako kiroldegiaren ondoan. Saio horretan, Jon Enbeita musikari eta bertsolariak bere azken diskoa («Hainbeste, hain gitxi») aurkeztuko du. Hitzordua maiatzaren 28an izango da, arratsaldeko zortzietan, eta sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo