GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Joxan Ormazabali agurra

Bere irribarrea oroituz agurtu zuten ehunka lagunek Joxan Ormazabal

Harridura, samina eta ustekabea utzi ditu Joxan Ormazabalen heriotzak. Tolosako Santa Maria elizara bertaratutako senide, lagun eta kulturzaleen aurpegietan horiek eta beste hamaika sentipen goibel nabariak ziren atzo egindako hileta elizkizunean. Elizako lau hormak ez ziren gai izan hango jende andana biltzeko. Kanpoaldea, barrualdea bezala, jendez gainezka zegoen.

Oihane LARRETXEA

Joxan Ormazabal agurtzeko elizkizuna 18.00etan hastekoa bazen ere, ordu erdi pasatxo lehenago jendea hasi zen Tolosako Santa Maria elizara inguratzen. Eguraldiak ez zuen batere lagundu: hotza, ipar haizea eta euri jasa ari zuela, ur tantak bezala bata bestearen jarraian babestu zen jendea elizpean. Ordua hurbildu ahala, aulkia hartzen hasi ziren, gutxik izan zuten, hala ere, esertzeko aukera; bildutako jendetza zela-eta, gehienek zutik iraun zuten elizkizunean.

Jende heldu ugari ikusi bazen ere, gazteak ere asko ziren Tolosara bildutakoen artean. Izan ere, Ormazabalek bi seme gazte izateaz gain, urtetan irakasle bezala aritu zen Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan lehendabizi, eta Beasaingo ikastolan ondoren. Era berean, euskal kulturako jende ezagun ugari hurbildu zen Ormazabali azken agurra ematera. Besteak beste, Josu Iztueta, Jose Martin Elexpuru, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Oñederra, Karlos Linazasoro, eta Andoni Egaña. Elkar argitaletxetik hamaika lankide bertaratu ziren, esaterako, Xabier Mendiguren editorea, baita Pamielako Pello Elzaburu ere.

Kanpai hotsek seiak aditzera ematearekin batera itxi zituen nekez egurrezko ate handiak Santa Mariak. Barrualdea jendez lepo, eta bete hainbeste arkupeetan bilduta, baita handik landa ere.

«Gaurko agurra egin nahi ez genukeena da», adierazi zuen apaizak. «Joxanen heriotzak -gaineratu zuen-, harridura, txundipena, ustekabea, espantua...eragin digu, bai buruan, baita bihotzean ere». Gertaeren bat-batekotasunak euskal kulturan sortu duen samina eta airean utzi dituen erantzun gabeko galderak aipatu zituen.

Elizkizunean Ormazabalen nortasuna goraipatu zuten, bere irribarrea, bere alaitasuna eta bizipoza: «Joxanek guztiaz gozatzeko ahalmena zuen, natura osoarekin gozatzen zuen, eta naturarekin hitz egiten erakutsi zigun. Orain zure hitzik gabe utzi gaituzu».

Iker Zubeldiak bertso bat eskaini zuen, izan ere Ormazabalek bertso zaletasun handia zuen, eta Iker Zubeldiarekin harreman oso estua zuen, biak ziren zegamarrak. «Bertsolari, poeta zen horrekin, guk berarekin bat egingo dugu», amaitu zuten.

Ormazabalek ia azken hogeita hamar urteak Elkar etxean eman zituen editore lanean, baina ez zion lanak argitaratzeari utzi. Azken urteotan «Aitona eta amona udalekuetan», «Zirkua amets» eta «Ehun ipuin hitz gutxitan» kaleratu zituen. Argitaletxeko kideek adierazi zuten bezala, egoera «poliki-poliki» onartzen ari badira ere, oso gogortzat jo zuten. Atzo webgunean Ormazabalek berak «Ilunorduak eta argilaurdenak» poema bilduman idatzitako bat eskaini zioten: «Nik badakit denbora gelditzen, gerra gorriak bake zuri bihurtzen, gorrotoa maitasunez margotzen, gosea janariz hornitzen, gaixoak sendatzen, hildakoak pizten. Nik badakit gezurrak esaten eta egiak balira bezala amesten».

Lan berean idatzi zuen bizitzak lau egun besterik ez dituela, eta horietatik hirutan euria egiten duela: «Ez zaitzala aterkirik gabe harrapatu», zioen, baina atzo ordea euria etenik gabe bota zuen, eta euskal kultura, aterkirik gabe harrapatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo