Joan den astean Ina Zeberio eta gaur «Naparra» gogoratuko dute lizartzarrek
GARA | DONOSTIA
Hamabi urte igaro dira Ina Zeberio ETAko militantea Gernikako etxebizitza batean Ertzaintzarekin izandako tiroketa batean hil zenetik. Ordutik, dozena bat urte igaro arren, bere herrian, Lizartzan, ez dute ahaztu eta urteurren bakoitzean egiten duten moduan, joan den asteburuan ere gogoan izan zuten.
Larunbatean, Gernikara joan ziren lizartzarrak herritarra hil zuten etxearen atariaren aurrean ekitaldia egitera. Salatu moduan, ordea, une horretan bertan Ertzaintzak Axurdarion Zeberioren omenez zegoen metalezko plaka lapurtu zuen.
Igande goizean aldiz, mendi martxa izan zen Axurdariora eta ondoren ekitaldia herriko enparantzan. Ertzaintza eta Guardia Zibilaren presentzia itogarria izan zela salatu arren, ekitaldia egin ahal izan zutela-eta pozik agertu dira lizartzarrak.
Gaur Jose Miguel Etxeberria Naparrari omenaldia egingo diote Lizartzako Igarola-Bekoa baserrian, hain zuzen ere, 30 urte bete dira hura azkenekoz ikusi zutenetik.