GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pirritx eta Porrotx, Esne Beltza eta Izargi ariko dira Altsasun igandeko Bategin Egunean

Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditu igande honetan Altsasun ospatuko den Bategin Egunak. Uneotan pil-pilean dagoen «Udalbiltza kasua»n auzipetutakoei elkartasuna adieraztea izango da helburua aurtengoan.

p017_f0229724.jpg

GARA | DONOSTIA

Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarriak jai itxura hartuko du irailaren 26an Altsasun egingo den 2010eko Bategin Egunean. Aurtengoan, Udalbiltzaren aurkako epaiketan auzipetuta daudenei babesa eta laguntza ematea izango da jaiaren helburu nagusia. Eguraldiak eragozten ez badu behintzat, Altsasu eta Urdiain arteko San Pedro ermitako landetan egingo da jaia.

Lander Etxebarria eta Karmele Urbistondo Udalbiltza auziko auzipetuek ezagutarazi zituzten atzo jaiaren nondik norako nagusiak, Porrotx pailazoaren, Kukubiltxoko Kukubel panpinaren eta Josu Txapartegi Txapas musikariaren laguntzarekin. Jai egitarauan pailazoen emankizunak, antzerkia, kontzertuak edo haurrentzat prestaturiko animazio ikuskizunak izango dira; eguerdi partean, baina, ekitaldi politikoa ere egingo da.

Igande honetan laugarrenez ospatuko da Bategin Eguna Altsasun. Lehenbiziko edizioa 18/98 sumarioa pil-pilean zegoenean egin zen, eta, ordutik hona, jaia beste hainbat epaiketaren eskutik iritsi da; esaterako, Jarrai, Haika eta Segirena, Askatasunarena edo Egunkariarena. Aurtengoan, berriz, Udalbiltzaren aurkako epaiketa gori-gorian dagoenean iritsi da Bategin Eguna. Hori bai, azkenaldiko epaiketa ugarietan zigortutako edo auzipetutako lagun gehiagori ere adieraziko diete elkartasuna eta babesa igandean.

Igandeko jaia goizean goiz hasiko da. Hala, 10.30etako aurkezpenaren ondoren, Pirritx eta Porrotxen ikuskizunaren txanda izango da. Eguerdian bertsolariak izango dira, eta, 13.00ean, ekitaldi politikoa. Arratsalde partean, berriz, Esne Beltza eta Izargi taldeen kontzertuak izango dira agertoki handian. Bigarren eszenategi batean, bestalde, Orduñako joteroak ariko dira eguerdian eta Sunbillako kantariak arratsaldean. Basoan barrena, gainera, Kukubiltxo taldea, trikitilariak edo batukadak ariko dira giroa alaituz.

Jan-edanerako aukerarik ere ez da faltako. Hala, bazkalorduan 700 lagunentzako paella eta beste 500entzako babarrun-jana izango dira. Castroko sardinak, Lazkaoko taloak, bokatak edo pintxoak ere izango dira.

«Egunotan argi eta garbi ikusi da eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena behar-beharrezkoa dela. Igandean aukera paregabea dago eskubide horiek jai giroan aldarrikatzeko», nabarmendu zuen Lander Etxeberriak. Hain zuzen ere, horixe da iganderako jarri duten helburua: prestatuko egitarau zabalarekin aldarrikapena eta jaia uztartzea.

Porrotx pailazoak, berriz, kolore askotako mundua maite dutela eta Euskal Herria pieza txiki askoz osaturiko herria dela azaldu zuen prentsaren aurrean. Jantziak egiterakoan amonari soberan geratutako kolore ugaritako oihal zatiak zaku batean sartu zituen ondoren: berdea, urdina, morea, laranja, horia... Jarraian, zakuan sartutako zati horiekin guztiekin osatutako kolore askotako bandera bat eta ikurrina bat atera zituen zorrotik. Koloretako mundua osatzeko garaia dela esanez amaitu zuen Porrotxek.

jaia

Ekitaldiek 10.30ean hasi eta arratsaldera arte iraungo dute. Besteak beste, pailazoak, bertsolariak edota Esne Beltza eta Izargi taldeen kontzertuak izango dira. Paella erraldoia, babarrun jana, sardinak eta taloak egongo dira aukeran bazkalorduan.

aldarrikapena

Bategin Egunaren laugarren edizioan, Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna eta babesa ematea izango da helburua. Beste sumarioetan auzipetuei ere elkartasuna adieraziko diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo