Prefetak auzapezei egindako «mehatxuek» ez dute Seaska bere bidetik bazterraraziko
Paueko prefetak duela egun batzuk bidalitako zirkularraren xedea auzapezak «mehatxatzea» dela uste du Seaskak. «Euskararen aurkako erasotzat» jota, lanean segituko duela berretsi du ikastolen federazioak.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak berrikitan Departamenduko auzapez guztiei igorri zirkularrak hautsak harrotu ditu, baita Seaskan ere. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolak batzen dituen federazioak hautetsiei zuzendutako «mehatxutzat» jo ditu eta argi utzi du, «prefeta eta haize txar guztien kontra» lanean segituko duela.
Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak prefetari bidalitako gutunak atera zuen argitara afera. Prefekturak, jada lau urte lehenago Herriko Etxeetara bideratu zuen zirkular berbera igorri zuen joan den irailaren 7an. Helburu nagusia, auzapezei eskola pribatuei diru laguntzak ematea edota areto publikoak uztea legez debekatuta dagoela gogoratzea. Zenbait alkateren sentimenduarekin bat eginda, Lasserrek zirkular horren bidalketa «ulertezina» dela adierazi zion prefetari bere eskutitzean.
Euskaraz eta biarnesez eskaintzen den hezkuntzak «garapen handia» izan duela nabarmendu ostean, aspalditik Estatuak eta lekuko erakundeek garapen hori sustatzeko hartutako erabakiarekin «kontraesankorra» dela gaineratu zuen Lasserrek. Are, «gai minbera» horren inguruan» antzeko jokamoldeak «egonezina eta sumindura» eragiten dutela idatzi zion Estatuko ordezkariari.
Oraingoan, Seaska berak ere erreakzionatu du. Bere ustez, «ikastolak eskola pribatu soiltzat aurkeztuz», Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) hizkuntza politika bera ukatzen da. Ikastolek behar dituzten bitartekoak zangotrabatzea «euskararen kontrako erasotzat» jo du.
Estatua bera EEPren parte dela gogoratuta, urteotan eramandako lana «haize hutsa» dela eta prefetak errepublikak hizkuntz gutxituekiko duen politikaren «egiazko bisaia agertu» duela gaineratu du, tokiko hautetsiekin lanean segitzeko asmo tinkoa berretsi aitzin.
«Joera ezkorrak» LABentzat
Hasi berri den ikasturtearen gorabeherak aztertuta, LABek bere «kezka» azaldu du, «iragan urteetako joera ezkorrak larriagotu» egin direlako.
1995tik Estatuak hezkuntzara bideratzen duen aurrekontua «gainbehera» datorrela salatu du. Sindikatuaren iritziz, besteren artean, lanpostuen murrizketak areagotzea, irakasleen formakuntza iraunkorra kentzea edota Akademiak ordezkapen laburrak bere gain ez hartzea ekarri du politika horrek eta «ondorioak konponezinak» izango dira.
Kalitatezko hezkuntza sistema baten alde egitea, ofizialtasuna eskatzea eta euskarazko heziketa orokortzea kokatu ditu LABek aurtengo lan ildo nagusien artean.
Seaskak dei egin die Estatuko parlamentariei «aspaldi agindutako hizkuntzen legea behingoz» egin dezaten. Prefetak egin dituen bezalako «interpretazio gaiztoak» ekidingo lituzkeela uste du.
Euskal Haziak eskola elebidun giristinoen elkarteak eta APEL guraso elkarteak beren kezka agertu dute irakasleen postuak eta euskaraz irakasteko bitartekoak murriztu egin dizkietelako.