GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Luis Mugertza | Berango

Politikarien jokoa

Politikari askoren jokoa ez da batere garbia. Ezin izan. Horretarako daude entrenatuta behin fitxaketa egindakoan. Sarrera itsusi asko egiten dute eta joko oso eskasa erakusten; baina bost axola, helburu bakarra irabaztea da-eta. Beldur handia diote aurkarien jokoari eta ez daude galtzeko prest. Horregatik dituzte preso jokalari titular batzuk; horregatik dituzte isilik harmailetan beste batzuk. Badakite, oso ondo gainera, zer nolako lana egin duten eta zer nolako lana egin dezaketen, egoera baretuz gero. Badakite egoera berean egonda, aurkariak askoz hobeto moldatzen direla zelaian, joko askoz erasokorra egingo dutela, eta hori ezin dute onartu inondik inora. Horregatik komeni zaie ikusleen artean iskanbilak sortzea, jokoa gogortzea, trikimailuak asmatzea; horrela, beraien gabeziak ezkutatu eta betiko joko eskasera ohitu baino ez dugu egin behar. Oso taktika ona omen da nork bere gustuko baloiarekin jokatzea, nork bere etxean jokatzea, aurkariari inolako aukerarik ez ematea. Horretarako oso trebeak dira. Gainera, horretarako dute arbitroa alde, eta gola, nonahi eta noiznahi, oihukatzeko debalde. Azken finean, zer da politika, nola edo hala irabaztea ez bada?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo