«Portu eta Sarasolarena errepika ez dadin», kalera deitu dute Lesakan
Hamabost guardia zibil eseriko dira datorren astean Donostiako Auzitegiko epaileen aurrean, Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrak torturatzea leporatuta. Bien bitartean, «beste inor torturatua izan ez dadin» eta herritarren ekarpenak «beharrezko» direla iritzita, hainbat mobilizazio deitu dituzte Lesakan. Era berean, torturarik izan ez dadin «inkomunikazioa amaiaraztea» eskatu zuen herriko alkate ohi Koldo Erkiziak.
Janire ARRONDO
Euskal Herrian tortura ez dela kontu berria eta tamalez «maizegi» gertatzen dela salatu zuten atzo Lesakan. Urriaren 25etik 29ra Donostiako Epaitegian Mattin Sarasola eta Igor Portu atxiloaldian torturatzea leporatzen dieten hamabost guardia zibilen aurkako epaiketa egingo dela-eta, lesakarren senideek zein eskualdeko alkate eta zinegotziek agerraldia egin zuten.
Hala, datozen egunetarako hainbat deialdi egin zituzten. Epaiketa hasiko den egunean bertan, datorren astelehenean, iluntzeko zortzietan Lesakako plazan batzartzeko deia egin zuten. Bertan, lehen egunak emandakoak aztertuko dituzte eta elkarretaratzea egingo dute; herriko hainbat eragilek deitu dute protesta hori. Bestalde, urriaren 28an Donostian egingo dute elkarretaratzea. Eguerdiko hamabietan epaitegi aurrean biltzera deitu dute; hain justu, egun horretan deklaratuko dute Mattin Sarasolak eta Igor Portuk. Azkenik, urriaren 30ean arratsaldez Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten lesakarrek. «Eskualdeko herritarrei bereziki dei egiten diegu mobilizazio hauetan parte hartzera», zioten.
Gertakari haiek izan zirenetik bi urtera, beraz, epaileen aurrean azalpenak eman beharko dituzte poliziek datorren astean. Orduan oihartzun zabala izan zuten bi lagun hauen salaketek; atxilotu eta biharamunean Portu Donostiako ospitalera larriki zaurituta eraman izana eta gero zabaldu ziren argazkiek eragina izan zuten horretan. Hala ere, azken hamarkadetan Euskal Herrian, Portu eta Sarasolaz gain, torturatu ugari izan direla gogorarazi nahi izan zuten atzo. Euskal Herriko gatazka gainditzeko baldintza demokratikoak «beharrezko» direla defendatu zuten, eta hor torturak ez duela lekurik nabarmendu zuten.
Bortzirietako, Malerrekako zein Baztango hainbat alkate eta zinegotzi, tartean Etxalarko Patxiku Irisarri eta Berako Josu Irazoki alkateak, agertu ziren atzo prentsaren aurrean. Portu eta Sarasolaren zein Bortzirietako presoen hainbat senideez gain, baita Guardia Zibilak edo Polizia espainolak atxilotuak edo torturatuak izan diren hainbat herritar ere.
Koldo Erkizia (EA) Lesakako alkate ohiak Portu eta Sarasola atxilotuak izan eta hurrengo egunetan izandako ekimen eta mobilizazioak ekarri zituen gogora. Bi herritarrak atxilotuta eta inkomunikatuta egon ziren egunetan, Lesakan eta inguruetan guardia zibilen presentzia nabarmena izan zen, herritarren eguneroko bizimodua oztopatzen. Bizilagunek Guardia Zibilak eskubide urraketen salaketak gauzatzea eragotzi nahi zutela salatu zuten orduan. Hala ere, Bortzirietako alkate eta zinegotziek herritarrekin bat egin eta gertaera haiek salatu zituzten.
«Tortura amaiarazteko bidean» aurtengo otsailean Bortzirietako bost udalek mozio bat onartu zuten. Mozio horretan «inkomunikazio egoerak sortzen dituen inpunitate esparruak torturak ahalbidetzen» dituela jasotzen da. Era berean, Auzitegi Nazional espainolak euskal herritarrak epaitzeko «zilegitasunik» ez duela adostu zuten. Lesakako Udalak, gainera, epaiketan akusazio partikular gisa aurkezteko saiakera egin zuen, baina epaileak ez zuen onartu. Hala, Erkiziak inkomunikazio neurriak «behin betiko amai daitezen» exijitu zuen agerraldian, «hori baita atxilotuen eskubideak bermatzeko neurri bakarra».
Lesakako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan, bestalde, Zaine Rekondok hartu zuen hitza, 2005ean Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuen Lesakako bizilagunak. «Bortziri osoak» Portu eta Sarasola atxilotu zituztenetik hona «tortura desagertu beharra dagoela» salatu duela esan zuen. Hala ere, Rekondok azken hamarkadetan Euskal Herrian 7.000 lagun torturatu dituztela gogorarazi zuen. «Estatuaren babesean urte gehiegiz inpunitate osoz torturatu izan gaituzte».
Rekondok dei egin zien herritarrei euren ekarpena kalean egin dezaten: «Aski da errateko tenorea da, beste inor ez dadin torturatua izan». Zaine Rekondo bera 2005eko martxoan atxilotu zuten guardia zibilek eta bost egunez izan zuten inkomunikatuta. Egun horietan tratu txar gordinak jasan zituela esan zuen; «mehatxuak, kolpeak eta poltsa» egin zizkiotela eta ariketa fisikoak eginarazi zizkiotela salatu zuen orduan. Abenduan fidantzarik ordaindu gabe aske utzi zuten.
Astelehenean hasi eta gaur arte gose greban izan da Joseba Aranibar Fleury Merogis-eko espetxean. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketen harira hainbat guardia zibil epaituko dituztela-eta egin du protesta. Nazioarteko hainbat erakundetara gutunak bidali ditu, «Estatu espainolean ohiko diren tortura salaketak azalduz». Amnistiaren aldeko mugimenduaren arabera, Berako presoa Amnesty International, FIACAT, CPT Europako Torturaren Prebentziorako Komitea, Human Rights Watch eta Giza Eskubideen Goi Ordezkariaren Bulegoarekin jarri da harremanetan, besteak beste.
Eskutitzean gose greba egiteko erabakia hartzera bultzatu duten arrazoiak azaltzen ditu presoak. Porturen eta Sarasolaren tortura epaiketaz gain, irailaren amaieran Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainolak euskal herritar batek eginiko tortura salaketari muzin egitea kondenatu zuela gogorarazten du. Baita datorren astean, Maite Orueren tortura salaketa baten ondorioz, Madrilen bost polizia epaituko dituztela ere. Hala, erakunde horiei Estatu espainoleko polizia indarren eskuetan izandako tortura salaketen «jarraipena» egiteko eskatzen die.
Betaren inguruan gertaturikoak kontatzen ditu gutunean, eta haiek egindako kontaketa jaso. Barajaseko aireportuan izandako atentatuagatik epaitu zituen Auzitegi Nazionalak Portu eta Sarasola; Aranibarrek eskutitzean salatzen duenez, ordea, «oraindik Donostian torturen epaiketa egin gabe zegoen arren, epaileak guardia zibilen eskuetan egon ziren bitartean ez zela tratu txarrik egon ebatzi zuen». GARA
2008ko urtarrilean atxilotu zituen Guardia Zibilak lesakarrak Arrasaten. Torturatu egin zituztela salatu zuten. Portu biharamunean larri zaurituta eraman zuten Donostiako Ospitalera.
«Atxilotuen eskubideak bermatuak izan daitezen», inkomunikazioa amaiarazteko eskatu zuen atzo Koldo Erkizia Lesakako alkate ohiak.
Mattin Sarasolaren eta Igor Porturen atxiloketak gertatu ondoren, Bortzirietako udaletako zinegotzi eta alkateak elkartu eta torturaren amaiera eskatzeko mozio bat osatu zuten. Herriz herri onartu zen.
Astelehenean, 20.00etan elkarretaratzea egingo dute Lesakan eta ostegunean, 12.00etan, Donostiako epaitegi aurrean. Era berean, urriaren 3oean Donostiako manifestazioan parte hartzera dei egin zuten.