GARA > Idatzia > Kultura

Iaz BECen izan ziren bertsolariak Udalbiltzaren alde arituko dira igandean Arrasaten

GARA | DONOSTIA

Iazko abenduan BECen ospatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritutako zortzi bertsolariek berriro ere bat egingo dute igande honetan. Izan ere, Udalbiltzarekiko elkartasun jaialdia ospatuko da Arrasaten, eta bertan izango dira, beraz, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi.

Gai-jartzaile lanetan Josu Goikoetxea arituko da. «Luxuzko kartela da, eta are garrantzitsuagoa guretzat: bertsolariengandik eurengandik jaio den elkartasun ekimena izan da jaialdia. Bihotzez eskertzen dugun ekimena», azaldu dute antolatzaileek.

Astelehenean, Madrilera

Udalbiltzaren kontrako epaiketak hilaren 25ean, astelehenean, jarraituko duela gogorarazi dute antolatzaileek, eta igandeko saioa indarrak hartzeko baliatu nahi dute. «Arrasateko bertso jaialdian izango gara ia auzipetu guztiak, bertatik furgonetetan Madril aldera abiatzeko. Beraz, epaiketari dagokion azken bidaia izango den hau, bertsolarien eta bertsozaleen berotasun hauspoaren laguntzarekin egingo dugu», azaldu dute.

18.00etan hasiko da emanaldia Amaia antzokian. 10 euroko sarrerak egunean bertan salgai izango dira, baina aurrez beste zenbait eskualdetan ere jarri dituzte salgai: Baionako Elkar megadendan, Oiartzungo Amazkarren, Errenteriako Arkaitzan, Lezoko Tiñelun, Pasaiako Mimos eta Antxetan, Lazkaoko Ansoategi eta Albokan, Urretxuko Aldirin, Arrasateko Irati eta Kajoin, Bergarako Arranon, Oñatiko Arranon, Durangoko Herriko Tabernan, Lekeitioko Guzurmendin, Bilboko Kalderapekon eta Gasteizko Hala Bedin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo