Xabier Letona
Denok trenera, hurrengo geltokia bakea da
argia
ETAren agiria esperotakoa izan da, gutxienez edukiari dagokionez: Gernikako eta Bruselako adierazpenetan eskatutakoak onartu ditu eta kito. Labur eta zehatz, eskertzekoa ere badena. Halako testu zehatz guztietan gertatzen den moduan, denak adierazten du berba bakoitzaren atzean sukalde lan handia dagoela. Baina prozesu honek aurrera jarraitu ahal izateko eskaera garrantzitsuena agirian dago: su-eten iraunkor eta orokorra, nazioarteko komunitateak egiaztatu ahal izango duena. Horixe eskatu zitzaion eta horixe eman du.
Hortik aurrera irakurketa posibleen eremura sartzen gara. ETAk bai esaten du irtenbidea zertan oinarritu behar den -lurraldetasuna eta autodeterminazioa-, baina ez du baldintzarik jarzen, ez prozedura, ez su-etena bera ezta helburu politikoei begira ere. Areago, argi dio gatazka konpontzeko tresnak elkarrizketa eta negoziazioa direla eta prozesu demokratikoa koordenada horietan eman behar dela. Ez du esaten Mitchell Printzipioekin bat egiten duenik, baina hurbiltzen da bere esanetara.
Berdintsu gerta liteke Gernika eta Bruselako adierazpenei begira. Agiriak ez du esaten bi testu horiekin bat egiten duenik. Zehazten du Bruselan eta Gernikan nazioarteko pertsona esanguratsuek eta eragile sozial ugarik azpimarratzen dutela gatazkak irtenbide justu eta demokratikoa behar duela, eta ETAk bat egiten duela horrekin (gaztelaniaz zehatzagoa da, coincide). Baina argi, ez du esaten ados dagoenik adierazpenarekin, gatazka konpondu beharrarekin baizik.
Gernikako Adierazpenean, su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatzen zaio ETAri, eta hori garrantzitsua da zalantza barik. Baina, aldi berean, eskatzen zitzaion neurri horiek borroka armatua desagertze bidean jarriko lukeen prozesu baten barruan kokatzeko. Ez dakigu hau hala den edo ez, baina agirian dio su-eten hau dela «behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa» eta horrek bai adieraz dezake hizkuntz hurbilketa bat Gernikan eskatzen zaion borroka armatuaren amaiera horrekiko norabidean. (...)
Sarri badirudi ahaztu egiten dela, baina orain arte ere ETA su-etenean zegoen, hori bai, oraingo hau egiaztagarria izango da eta gainera orokorra. Eta ikusi beharko da orokor horrek bere jardun osoari eragiten dion, esate baterako zerga iraultzailea-ri edo hornitze lanei.
ETAk oso urrats garrantzitsua eman du, historian inoiz ez bezalakoa eta hori da baloratu beharrekoa. Azken hilabeteotan, gutxitan moduko kanpaina mediatikoa egin da agiri honen inguruan, eta horren ondorioz, iritzi publikoari begira, ETAren desagerpena ez den edozer hutsala dela irudikatzea lortu da. Ba ozen esan behar da ezetz, hau urrats indartsua da eta norabide egokian gainera. Hobe ETAk bihar bertan borroka armatuaren amaiera iragarriko balu, baina errealitatea ez da hori, eta ongi etorriak izan bitez norabide egokian doazen urrats guztiak. Nahi dena esango da, baina duela urtebete inork gutxik espero zuen egoera hau. Orain eskuartean dugu, orain apurka bakera eramango gaituen prozesu hau elikatzea dagokigu, herritar, gizarte eragile eta politikariei.
Ohikoak entzungo dira, hau ez dela nahikoa, ETAk badakiela zer esan behar duen eta gisakoak. Ados, bai, baina orain PSOEren txanda da, orain pilota bere teilatuan ere bada. Eta EAJrentzat ere ordua da bestelako konpromezua eta bultzada erakusteko. Agiri honen ondoren prozesuak jarrai dezake, trena abian da berriz, eta orain jendea igoarazi behar dugu gainera, hurrengo geltokia bakea da eta.