Julen MURGOITIO
Estatua bai, purgatorioa ez
Orain ez asko Europatik etorritako txosten batek irakaskuntza ertainean gure ikasleek hainbat materiatan dituzten abileziak ebaluatu eta zenbakia ipini zien. Ez dakit PISA txostena izan den ala oker nagoen, dorrea beste. Nahiko ahaztuta badut ere, materien artean matematika zen. Ez dakit ebaluazio horretan ebaluatzaileek zer ebaluatzen duten, zenbaki hutsen jokorako abilezia ala zenbakiek arrazoibideari eskaini ohi dioten logika bereganatzekoa. Klase politikoa ere ebaluatu beharko lukete noiz edo noiz, eta hortik aurrera noizean behin ere politika-eskolaren klase horretakoek dituzten eskumenak, eurenak eta kanpotik emanak, neurtze aldera, hau da, gaitasunak eta ahalmenak ondo desberdinduta, badaezpada ere. Logika eta literatura ebaluatu ere klase horretakoei, literatur sena, Parisetik pasatzen den ibaitik haratagoko sena, hain zuzen ere. Hortaz, testu bat eman eta komunaren ezkutuko lasaitasunean, kasurako, testua kontestuan ulertzeko trebezia ebaluatu, nor, nor-nori, nor-nork eta zer-nori-nork ondo bereizteko trebezia ebaluatu ere, erdaraz bada ere. Eta are gehiago, proba hori gainditu behar izatea parlamentuko aulki batean jesartzeko, insufiziente duenak hobetu beharra duela. Egia esan, ez dakit zertara etorri zaidan hau guztia burura. Hau kolpea gero!
Tira. Komunekoa aipatu dudala, purgatorioa bai pasatu zait burutik. Izan ere, aste honetan Vatikanoko baten bati entzun diot garbitoki ei den Purgatorio zer hori ez dela espazio fisiko bat estado de ánimo bat baizik, gogo-aldartea edo. Hau dok/n eta! Beste estatu bat planetan! Mundua orekatzen ari den seinale. Klase arkeologikoarentzat kolpe latza, seguruenik, garbitoki horrek ez urik ez lurrik ez duen estatu batean ei dagoelako. Sena eta Manzanares ibai bideratuen inguruko klase politikoarentzat, ostera, arnasbide berritua da Vatikanoko estatutik esana, balizko negoziazio prozesu batean izango dutelako, izan ere, euskaldun independentistoi mahai gainean ipintzeko ordaina: estatua, bai, baina estado de ánimo. Alferrik! Dardarka dira hasiak, nonbait, ubide horien bazterretan, izen oneko aldizkari batek argitaratu berritan Euskal Herria bigarren postuan delako estatu bidean diren nazioen top ten horretan. Hortaz, Espainiako Itzulia estatu-artekoa izan daiteke aurten. Animo! Estatuaren alde! Purgatorioaren kontra!