Madrilek zaila ikusten du pentsioen erreforman hitzarmen orokorra lortzea
Ramon Jauregi Presidentetzako ministroak eta Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak pentsioen erreformaren negoziazioak dituen zailtasunak nabarmendu zituzten atzo eta zaila ikusi dute CCOO eta UGT sindikatuekin hitzarmen orokorra lortzea.
GARA
CCOOk eta UGTk grebara deitzeko aukera urruntzen ari den neurrian, Gobernu espainolak pentsioen sistemaren erreformaren negoziazioan zailtasunak nabarmendu ditu. Ramon Jauregui Presidentetza ministroak sindikatu horiekin hitzarmen orokorra lortzea «zail-zaila» dela esan zuen atzo. Hala ere, negoziazioan bestelako gaiak sartu ondoren aukera gehiago ikusi zuen.
«Mahai gainean, pentsioekin batera, lan arloko beste gaiak jarri diren neurrian -negoziazio kolektiboa edo lan erreformaren garapena- aukera gehiago ditugu alde guztiek ordainak aurkitzeko», adierazi zuen Jaureguik Onda Cero irratian egindako eta Europa Press agentziak zabaldutako elkarrizketa batean.
Presidentetza ministroaren arabera, «hitzarmena ia ezinezkoa zen» negoziazioa pentsioetara mugatuta, jarrera guztiak oso tinkoak zirelako. Hala ere, Jaureguiren ustez, egoera ez da «zintzarria jotzeko modukoa» litekeena huts egitea izango delako. «Gobernukideek esaten didatenaren arabera, gauzak oso zailak dira oraindik, eta hitzarmen orokorra lor daiteke, baina oso zaila da», nabarmendu zuen.
Bilerak bihar jarraituko du
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta presidenteordeak ere zailtasunak azpimarratu zituen atzo. Pentsioen erreformaren inguruko elkarrizketek bihar jarraituko dutela esan zuen Rubalcabak. Lehenengo, aldiz, Gobernua, patronala eta sindikatuak batera ofizialki elkartu ondoren, ministroak azaldu zuen «bilera ondo joan zela» eta «hitz egiteko eta hitzarmena lortzeko asmoa» ageri zela. «Baina horrek ezin du ezkutatu gaiak oso korapilatsuak direla eta hasierako jarrerak oso ezberdinak direla», gaineratu zuen. Lehendakariordearen esanetan, mahai gainean dauden gaiak ez dagozkie bakarrik gizarte eragileei, kasu askotan Parlamentuak erabaki behar duelako. Horregatik, aldi berean talde parlamentariekin ere hizketan hasiko direla esan zuen.
Hala ere, hitzarmena lortuko delakoan dago Josu Erkoreka EAJk Madrilgo Kongresuan duen eleduna. Pentsioen sistemak aldaketak behar dituela nabarmendu zuen, baina «sistemaren iraunkortasuna bermatuko dituzten aldaketak» baino ez dituela onartuko bere taldeak. Gaineratu zuenez, «aldaketa horiek malgutasun nahikoa izan behar dute, langile bakoitzak erretiroari buruz bere erabakia hartu ahal izateko, lan-bizitza luzeagoak pentsio handiagoa jasotzeko eskubidea emango duela kontuan hartuz». Euskal Herrian gehiengo sindikalak deitu duen grebaren aurka ere agertu zen Erkoreka, «herri honek behar duena lan egitea delako».
Pentsioen sistemak aldaketak behar dituela adierazi zuen atzo Josu Erkoreka EAJk Madrileko Kongresuan duen eledunak. Beraren ustez, aldaketa horiek malgutasuna eman behar diote sistemari, langileek erretiro modua aukeratu ahal izateko eta urte gehiago lan egiteko.