GARA > Idatzia > Kultura

Juan Bidegainen bideo sorkuntzak, arrantza mundua sareratzen

Juan Bidegain ondarroarrak itsasoa eta kasik iragana dugun arrantza mundua bideo-lanetan ezagutarazi digu, dokumental etnografikoen bitartez. Bideogile amateurrak amuarekin urte osoko arrantza zikloa jasotzeko aukera izan zuen, eta geroztik galtzear den bizimodu baten irudi ondarea utzi digu. Azken lanak «Etxeko bandan» eta «039» film laburrak ditu, gaur iluntzean Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean erakutsiko dituenak.

p056_f02.jpg

Anartz BILBAO | MARKINA-XEMEIN

Juan Bidegain (Ondarroa, 1964) bideogile amateurra dugu, arrantza munduarekin lotutako dokumental ederrak eman dizkiguna. Azkena, «039», aste honetan bertan Quebec-eko zinema etnografikoaren nazioarte- ko jaialdian parte hartzeko hautatua izan dena.

«Irudi mundutik nator» argitu digu Bidegainek, hastapenak akorduan. «Orain zortzi urte inguru, bezero nuen armadore batek txalupara gonbidatu eta urte osoko arrantza zikloa grabatu nuen». Kostaldetik hurbil eta baxurako arrantzan, berdela edo `kaelak' -marrazo mota, Andaluzian jaten omen dutena, cazón izenarekin- nola arrantzatzen diren erakusten zuen «Urtebete itsasoan. Arrantza amuarekin» dokumentala izan zen emaitza. Eta 2002az geroztik, errenkadan etorri dira beste guztiak -urte bitik behin edo-, sortatxo bat osatu arte: «Rockall», sare konpontzaileei buruzkoa, emakumeen ikuspuntutik egindako «Kardala» -hegaluzearen arrantzari buruzkoa-, txalupen `desguazea' agertzen duena...

Egilea bera inoiz itsasoratu gabea den arren -zorabiatu egiten omen da, doan bakoitzean- ondarroarra izanik hurbil izan du arrantza bizimodua. «Arrantzaleei buruzko makina bat istorio entzunak gara, baina sekula itsasoratu bakoak inoiz ikusi gabeko irudiak eman ditugu», ohartarazi gaitu berak, eta anekdota legez, «arrantzale baten emazteak behin, lan bat ikusi eta etxean entzundako kontu asko orduan ulertzen zituela esan zidan» adierazi digu. Azken batean, «desagertzear den bizimodu baten lekukotasuna» ematen dute Bidegainen lanek, egun, herriko gazteak ez baitira itsasoratzen. «Orain arte Ondarroako bizimodua erakutsi dut, guztia kontatzeke zegoen-eta. Gainera, amateurra naiz eta ez dut ahalmenik urrutirago heltzeko».

Herriko arrantzaleen bizimodua agertzen hasi eta, ikuspuntu ezberdinak ematen dizkigu Bidegainek, «gero eta motzago», bere esanetan. Lehen lanak film luzeak ziren, 50 minutu ingurukoak, eta gero eta motzagoak dira besteak, ordu laurden ingurukoak. «Azkenak sei minutu baino ez ditu, oraindik motzagoa. Hasieran dena dago agertzeko, norberak ere gutxiago daki, dena nahi duzu kontatu eta mundu zabala ikusten duzu. Gero, zehatzagoa zara eta atal txikiak nahi dituzu erakutsi».

Duten balioagatik gainera, «zinemaldi etnografikoetan ondo onartuak dira» dokumentuak, eta batzuek makina bat sari lortu dituzte nazioarteko zinema jaialdietan, eta harrera harrigarria lortu. «Lehen lanarekin, aurrenekoz kanpora joan ginenean, Huescan izan ginen, jaialdien kontua ezagutzen ez genuela... zer izango ote genuen galdezka. Eta sekulako harreraren ostean publikoaren saria jaso genuen, pentsa!». Kontuan hartu behar da gainera, dokumental guztiak, azpititulatzen dituzten arren, euskaraz direla; «herriko arrantzaleei elkarrizketak grabatu eta Ondarroako euskaran emanak. Eta anekdota mordoa sortu du horrek ere!».

Kanpoko jaialdietan onartua izateaz galdetuta, «niretzat kristoren saria da -onartu digu bideogileak-, lana ondo egiten ari garen seinale». Asteon jakinarazi diote ondarroarrari Quebeceko zinemaldi etnografikoan emango dutela «039», eta pozik dago. «Pentsa, mundu osotik zenbat lan helduko diren zinemaldietara... eta gu Ondarroatik Quebecera heldu gara». Bidegainek ez du bertaratzerik izango; kanpora ez da sekula joan, baina egindako dokumentalei esker makina bat tokitan egon da nolabait: Errusian, Indian, Perun, Argentinan, Eslovenian, Paraguain, Espainian... «Gu ez bagoaz ere, gurea den zerbait heldu da behintzat!».

Onartu bakarrik ez, sariren bat ere jaso du gainera behin baino gehiagotan. «Dirua ere izan daiteke eta ondo dator beti; dokumentalen kopiak egin, zinemaldietara bidali... dirua da-eta». Banaketa lan horiek orain gutxira arte Bidegainek berak egin izan ditu, horretara dagoen enpresa bat aurkitu duen arte. «`Etxeko bandan» geroztik gainezka egin zidan, eta orain beraiek arduratzen dira lanak zinemaldietara bidali -urrutirago heltzen dira-, fitxak egin eta bestelako lanez, diru kopuru baten truke. Merezi izan du, eta arinago egin banu hobeto».

Ardurez hitz egiten hasita, lantaldeaz ere egin dugu berba ondarroarrarekin. «Musika anaiak egiten du, Eugen Bidegainek. Irakaslea da, prestakuntzaz musikaria, eta dokumentalen soinu banda guztiez arduratu da». Gidoiak egiteko orduan berriz, «aspaldian Jabi Etxanok asko lagundu dit» dio beste guztia bere kontu hartzen duen irudigileak.

Proiekzioa Uhagonen

Bidegainek azken lanak erakutsiko ditu gaur Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. «Etxeko bandan» -ordu laurden ingurukoa- iazko hasiera aldera sortua da, eta azkena duen «039» iragan urrian hasi zen jaialdietara bidaiatzen.

«Etxeko bandan» dokumentalak transmisioa du ardatz, eta arrantzale belaunaldi ezberdinak agertzen dizkigu. «Mutikoa neure semea da, eta arrantza gustatzen zaiolako dago lanean. Eta nagusia, Ondarroan norbait arrantzale izan bada, oso ezaguna den Josu `Pastela'. Horrenbeste zekien gizon honek... beste begirada bat eman eta dokumentala antolatu genuela berak umeari arrantza berarentzat zer den konta ziezaion».

Orain arte egin duen lanik laburrena du «039», sei minutu baino ez ditu-eta. Egileak berak luzatu digun sinopsiak «0,39 gauza asko izan daitezke. Gehienentzat zenbaki bat, besterik ez. Arrantzaleentzat esanahi berezia du» labur bat baino ez dio. Azalpen eske Bidegainengana joan, eta «kontatuko dizut, baina ez idaztekotan» esan digunean, orduan ezer ez kontatzeko erantzun diogu. «Motza da eta intriga gorde beharra du, bukaeran argitzen baita -argitu digu zer edo zer-. Arrantzale eta baserritar munduarekin gertatzen ari denaz hausnarketa egiten du lanak».

Uhagonen, 19.00etatik aurrera, egileak berak egingo ditu aurkezpen lanak, baita azalpenak eman eta ikus-entzuleen galderak erantzun ere. «DVDan egingo dugu proiekzioa. `039' dokumentalaren kasuan, onartua izan den jaialdiez gain, gure inguruan, Ondarroan baino ez dut erakutsi». Beraz, lehen aldia izango da lana herritik kanpora Euskal Herrian ematen dituena.

Dokumentalek beren bidea egiten dute, buruan ideia sortu, burutu eta jaialdietan erakusten diren arte, eta ordurako egitasmo berriak martxan izaten dira. «Lanak bukatu eta horren nekatua zaude, beti dagoelako azken orduko arazoren bat, hobetu nahi duzun zerbait... azkena!, esaten duzula. Baina gero... zerbait ikusi edo entzun eta... ene! bonbilla pizten zaizu buruan». Eta Bidegainek dagoeneko izango du beste egitasmoren bat bueltaka, aitortu nahi ez badu ere. «Burutik pasatzen diren gauza guztiak egin orduko...».

ONDARROA

Ondarroarra izanik, itsasoa eta arrantzaleak inguruan izan ditu beti Bidegainek, eta atzean gelditzen ari den lanbide eta izaera baten berri ematen digute berak lantzen dituen dokumental etnografikoek.

ZINEMALDIAK

Arrantzale euskaldunen bizimodua nazioartean erakutsi du Bidegainek, bere lanak makina bat jaialditan onartuak eta sarituak ere izan baitira. Aste honetan bertan jakinarazi diote azken lana Quebec aldean emango dutela.

Fitxa

Data: Gaur.

Lekua: Uhagon kulturgunea (Markina-Xemein).

Ordua: 19.00etan.

Sarrera: Doan.

Egitaraua: Juan Bidegainen «Etxeko bandan» eta «039».

«Itsasoa.com», arrantza munduari eta itsasoari buruzko irudi museoa denon eskura, sarearen bitartez

Sarea eta nabigatzaileak, Internetek ere arrantza munduko hiztegia darabil. Eta bere lanak agertzeko erabiltzen du Juan Bidegainek. «Lagunen bitartez web orri bat nola egin ikasi dut, eta Itsasoa.com sortu», azaldu digu ondarroarrak. «Ordura arte Youtubera irudiak altxatzen nenbilen, eta sorpresa ederra hartu nuen zer eta gaur egun hitz hori erregistratu gabe zegoela ikusita. Orain edo inoiz ez, pentsatu nuen».

«Itsasoko museo birtual bat sortu nahi nuke», horra irudigilearen asmoa -momentu honetan hogeita hamabost bideo inguru ditu bertan ikusgai-. «Irudi asko dokumentaletan ez dira agertzen, adibidez, hamar ordu grabatu arren muntaian alboratzen dituzulako». Eta erabili gabeko irudi horiei etekina atera eta denon begietara agertu nahi ditu itsasoa.com atarian. «Itsasoarekin lotuta dauden bideo motzak, berbarik gabekoak eta erakargarriak, alazeko arrantza nola egiten den -hegaluzearena-, nola egiten den berdeletan, olatuak, Ondarroako portuaren bizimodua...» irudietan jaso.

Lehendik ere ikusgai zituen batzuk Bidegainek, atari ezberdinetan -Youtuben jarri, loturak egin...-. Orain denak bertara bildu ditu, azaroan ataria sortzen hasi zenetik, eta badu nahikoa zeregin. «Geldika-geldika joango naiz hauek osatzen, itsasoarekin lotutako aipamenak eginez, liburu eta filmenak...». Irudiak altxatzeko ere, «hiru minutukoak diren arren, ez dira sekuentzia bakarrekoak, eta beraz, muntaia txiki bat egin beharra duzu».

Egitasmo berriak gauzatu bitartean, honako Itsasoa.com hau da egun irudigileak duen ilusio nagusia. «Esaterako, marrazo arrantza debekatuta dago egun, txalupak gero eta gutxiago dira... eta guzti honen irudi ondasuna utzi nahiko nuke atarian, edozeinek edonondik ikus dezan». A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo