ACB ligako aurreneko itzuliko azken jardunaldia
Bide batez bi xede bete nahi ditu Bilbao Basketek
A. G.
ACB Ligaren aurreneko itzulia gaur eguerdian amaituko da. Euskal taldeei dagokienez, partida garrantzitsuena Bizkaia Bilbao Basketek jokatuko du, Cajasol hartuko baitu Bilbao Arenan, 12.30ean. Ordu berean, Pisuerga pabiloian, Caja Laboral Baskoniak Valladolid taldearen aurka jokatuko du.
Menorcan irabazi ostean, Koparako txartela ia eskuan dauka talde bilbotarrak. Galduta ere, average oso ona dauka bere alde, eta okerrik ezean zortzi onenen lekuan behar luke Fotis Katsikarisen taldeak. Alabaina, eta nahiz eta gaurko aurkaria Kopako lehiatik at geratu berri den, tiro bakarraz bi xede iritsi nahi ditu talde bizkaitarrak; hau da, denboraldi amaierara begira, play offetan sartzeko aurkari batekiko aldea zabaltzea dute xede beltzezko gizonek.
«Denboraldiko aurreneko helburua, Kopa alegia, bete dugu, %99an bederen, baina gure xede nagusia play offetan sartzea da eta Cajasol gure arerio zuzena izango da borroka horretan. Beraz, ezin gara erlaxatu», iritzi zion teknikari greziarrak. Bere iritziz, «errebotea kontrolatu behar dugu eta erasoan ahalik eta zuzenen jokatu behar dugu».
Serie-buru izateko lehia
Caja Laboral Baskoniak ere aurkitu du Kopan aritzeko txokoa. Bere borroka beste bat izango da, ordea: serie-buru izan eta Bartzelona saihestea final-laurdenetan.
Aurrean, ordea, Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile ohi Porfi Fisac-en Valladolid izango da. Puzelakoek dira aurreneko itzuliko ezustekorik nabarmenena, izen handiko jokalaririk gabe ere sekulako taldea egin baitute.