GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Biarritzek galdu egin du, baina sailkapena eskura dauka

Zuri-gorriak lehen zatian 0-6 aitzineratu ziren Yachvilik lortutako bi zigor- kolpeei esker, baina bigarren zatian ez zuten asmatu beren jokoa egiten.

p052_f01_111x111.jpg

ULSTER 9

BIARRITZ 6

Jon LEUNDA

Partida amaitzeko bi minutu falta zirela galdu zuen atzo Biarritzek, eta dena azkeneko jardunaldian erabakiko da. Han jakingo da, datorren astean alegia, ea Biarritz final-laurdenak jokatzeko moduan den ala ez, eta lortzen badu, ea etxean aritzeko moduan izango den ala ez, baina azken aukera honek ia ezinezkoa dirudi, atzoko partida erabakigarria baitzen.

Atzoko neurketaren ostean, Biarritzek sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du 17 punturekin. Ulsterrek beste horrenbeste puntu ditu, baina joaneko partidan Biarritzek irabazi egin zuen, eta sailkapeneko lehen postua ematen dio horrek.

Datorren asteburuan euskaldunek Bath hartuko dute, eta Ulsterrek Aironiren zelaian jokatuko du. Beraz, dena euskaldunen eskuetan dago, baina gauzak askoz ere zailago dituzte. Izan ere, italiarrek ez dute ezer jokoan, eta oso litekeena da han irlandarrek erasoko puntua ere lortzea. Bathek ez ditu aukera asko, baina apur batzuk baditu sailkatzeko, atzo Aironi taldeari 55-16 irabazi ostean, eta dena ematera etorriko dira. Gauzak dauden bezala, gainera, garaipenak bakarrik ez dio balioko Biarritzi eta erasoko puntua ere baharko du seguruenik.

Zatika

Biarritzek aurten behin baino gehiagotan jokatu du zatika, bata edo bestea txarra eginez, eta atzokoa ere horrelako bat izan zen. Lehen zatian neurketa kontrolpean eduki zuen, eta 0-6 aitzineratu ziren Yachvilik gauzatutako bi zigor-kolpeei esker. Lehen berrogei minutu hauek ez ziren onak izan. Bi taldeek asko jokoan zuten eta hori ederki nabaritu zen.

Horrelakoetan ostikoak erabakigarriak izaten dira, eta normalean erasoan gehien ari den taldeak izaten du aukerarik gehien, eta Biarritzek izan zituen aukerak baliatzen jakin zuen, eta 0-6koarekin joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatirako ere itxaropentsu zeuden, nahiz eta gauzak zeuden bezala erasoko puntu bat lortzeak ia ezinezkoa ematen zuen. Bigarren berrogei minutuetan, ordea, etxeko taldeak arrisku gehiago hartu zituen, Biarritzek ez zuen jakin izan markagailua alde zuela jokatzen, eta partida amaitzeko bi minuturen faltan irlandarrek bigarren zigorra gauzatu zuten, eta garaipena erdietsi ahal izan zuten. Defentsako puntu horrek lehen postuari eusteko balio izan dio Biarritzi, baina Italian ustekabean galdu zuten partida hark orain pisu latza izan dezake, gauzak normal joanda sailkatuta behar baitzuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo