«Boikotak, Israelekiko konplizitatearen amaiera ekarri beharko luke»
Hind Awwad errefuxiatu palestinarra da, bere guraso eta aiton-amonak bezalaxe, 1948ko garbiketan kaleratu baitzuten bere familia Liftatik. AEBetan ikasia, gaztetatik borroka egin du palestinarrentzako justiziaren alde. Egun, Israeli boikota egitera deitzen duen BDS kanpainaren koordinatzailea da Palestinan. Bere herriarekiko elkartasun taldeek gonbidatuta izan da Euskal Herrian.
Ruben PASCUAL | BILBO
BDS kanpaina Palestinako gizarte zibilak bultzatutako ekimena da, Israelen aurkako boikota, desinbertsioa eta isunak eskatzen dituena. Hori guztia, okupazioaren amaiera, apartheidaren bukaera eta errefuxiatuen bueltatzeko eskubidea bermatzeko. Atzo, Israelen aurkako BDS kanpaina honen eguna izan zen, eta data esanguratsu horren karietara, Hind Awwad-ek zehaztasun gehiago eman dizkigu, Euskal Herrira egin duen aurreneko bisitan.
Bost urte igaro dira jada Israelen aurkako BDS kanpaina abian jarri zenetik. Zein da ibilbide honen gainean egiten duzuen irakurketa?
2005ean, Palestinako gizarte zibilak mundu osoko pertsonen kontzientziari dei egin zion, Israelen aurkako BDS kanpainan parte hartzeko. Ekimen horren inspirazio iturri izan genituen, alde batetik, ehun urtetan zehar palestinarron erresistentzia zibilaren bidezko borroka eta, bestetik, Hegoafrikako apartheidaren aurkako borroka.
Oslon hasitako bake-prozesuaren porrot nabarmenak eta Israelek nazioarteko legeria bete zezan konbentzitzeko orduan nazioarteak huts egiteak ekarri zuten kanpainaren hasiera. Gainera, kontzientzia duen jendeak, beti erakutsi izan du prestutasuna zapalduta dauden herriei laguntza emateko.
Funtsean, kanpainak hiru oinarri ditu: okupazioaren aurkako borroka, palestinarrekiko diskriminazioaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borroka, eta azkenik, errefuxiatuen herriratzeko eskubidearen aldekoa.
Lehenengo deiaren ondoren, eta bereziki Israelek Gazari eta Askatasunaren Flotillari eginiko erasoez geroztik, dinamikak arrakasta handia lortu du arlo desberdinetan: boikot kulturala, akademikoa, ekonomikoa, desinbertsioa eta Gobernuek ezarritako zenbait zigor ere badira.
Zein kontaktu mota duzue nazioartearekin, atxikimendu gehiago lortzeko?
BDS kanpainak 35 herrialdetan ditu ordezkaritzak, eta hiri desberdinetan badaude taldeak dinamika horiek aurrera eramateko, erdigunean Palestinako Nazio Batzordea dagoelarik.
Kanpaina hori nola gauzatzen da lurralde palestinarretan?
Boikotek historia oso luzea dute Palestinan. 1920ko hamarkadan, produktu britainiarren aurka egiten zen. 1936an, produktu sionisten aurka, eta lehen Intifadaren garaian, boikota oso tresna erabilia izan zen.
Horren guztiaren gainean eraiki zen BDS kanpaina, eta bere arrakastaren gakoa palestinarren inplikazioa da, horren inguruan adostasun handia lortu delako: maila kultural eta akademikoan, boikota erabatekoa da, urraketa bakan batzuk salbu.
Maila ekonomikoari dagokionez, zailagoa da Palestina okupatuan, ekonomia gatibua delako. Gainera, nekazaritza eta industria sistematikoki suntsituak izan dira, laborantzarako lurrak eta ur-baliabideak ere Israelen esku daude. Horrek guztiak ezinezko bihurtzen du erabateko boikota, baina ahal den neurrian egiten dugu.
Nola erantzuten dio Israelgo Gobernuak?
Hasiera batean, ez zuten aintzat hartzen. Baina pixkanaka-pixkanaka arrakasta lortzen joan denez, 2008an, AIPAC lobby sionistaren zuzendaritzak mugimendu hori garatzen ari zela ohartarazi zuen, eta jada ez zela bazterreko mugimendu bat. Alegia, mainstream [korronte nagusi] bihurtzen ari zela.
Knesset Israelgo Parlamentuan ere kezkatuta daude, nazioarteko artista askok bertan behera utzi dituztelako beren kontzertuak, eta horrek maila publikoan eragin handia duelako. Hori dela-eta, lege bat eztabaidatzen ari dira, boikoterako deia egin edo hura babestea legez kanpo uzteko asmoa duena. Arau horren lehen fasea gehiengo zabal batek onartu zuen, baina oraindik eztabaidatzen ari dira legeak izan beharko lukeen formaren inguruan.
Eta Palestinako Aginteak zein jarrera du?
Mundu mailan BDS mugimenduak izan duen hazkundea ikusirik, Palestinako Aginteak (PAN) boikot partziala egitera derrigortuta ikusi du bere burua. Adibidez, asentamenduetatik datozen produktuei boikota egitera deitzen hasi dira. Urrats hau, egiatan, ez da nahikoa eta oso berandu iritsi da. Baina, azken batean, boikotaren aldeko mugimendu hori handitu egin du.
Zein alderdi indartu beharko litzateke nazioartean?
Lehenengoa, eta palestinarrek erabateko boikota deitzen duten arren, ekintzaile asko boikot partziala egiten ari dira arrazoi taktikoengatik (errazagoa delako), eta edozein ekintza ondo dago. Baina oso garrantzitsua da oinarrizko printzipioak ez ahaztea: okupazioaren amaiera, Israel barneko diskriminazioaren amaiera eta errefuxiatuen itzultzeko eskubidea.
Bigarrenik, sindikatu askok ebazpenak kaleratu dituzte Israelen aurka. Baina uste dugu ekintza zuzenetara igaro beharra dagoela boikot hori gauzatzeko, adibidez, inbertsioen kontra.
Azkenik, eta agian beranduago iritsi beharrekoa, BDS kanpainak herrialde askotan lortutako atxikimendu oldeak gobernuen politiketan eragiteko gaitasuna izan beharko luke, Israelekiko konplizitatearen amaiera ekarriz.
Boikot kulturalaz ari garenean, polemika sortu ohi da, sarritan, artistak norbanako bezala hartzen direlako eta ez Israelek bere burua zuritzeko erabiltzen duen beste tresna baten gisara, zein da zuen iritzia?
Boikot akademiko eta kulturala zailena da. Horregatik, hainbat irizpide aipatzen ditugu boikot hori gauzatzeko moduaz.
Boikot kulturala deitzen dugu, erakunde kulturalak konplize direlako palestinar herriaren aurkako zapalkuntzan. Euren isiltasunarekin, palestinarren eskubideen urraketak babesten dituzte, baita artista palestinarrenak ere, ez daukatelako eskubiderik bidaiatzeko edota euren lanak erakusteko.
Israelgo erakunde kulturalek ez diote inolako oztoporik jartzen artista palestinarraren aurkako kriminalizazio israeldarrari, eta Palestinako ekintza kulturalei ezarritako betoaren aurrean ere isilik gelditzen dira.
Zein eratan legitimatzen du Israelek bere burua?
Azken bi urteotan, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak milaka milioi dolar jarri ditu Israel marka moduan saltzeko. Kanpaina honen baitan, Israelgo kultur arloko pertsona esanguratsu gehienek kontratu bat sinatzen dute Ministerioarekin eta, horren bitartez, diru laguntzak jasotzen dituzte Israelen enbaxadore gisa bidaiatzen badute eta gerra krimenetatik haratago dagoen beste Israel bat erakusten badute. Gainera, debekatuta daukate inolako kritikarik egitea. R.P.