GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen parte-hartzea sustatzea xede, bide berriak eraiki ditu Datorkiguneak

Atzo aurkeztu ziren Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak sortutako Datorkigunea programaren emaitzak. Gazteek egindako gogoetak biltzen dira txostenean, gizartean parte-hartze aktiboa eskatuz.
p016_f01.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Gazteek asko dute esateko, baina maiz ez dakite non edo nola bideratu esateko duten hori guztia. Galdera asko buruan, erantzunik gabe. Gogoeta horretatik abiatuta, Datorkigunea programak, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak sortutakoak, gazteei hitza eman eta entzuteko proiektua abiatu zuen 2010eko udaberrian. Eta atzo, Donostian, txostenaren aurreneko fasea aurkezteko eguna izan zen. Bigarrena, zehatzagoa izango dena, jada abian da.

Prentsaurrekoan izan ziren Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, baita Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak eta proiektuan parte hartu duten gazteetako bi.

Datorkiguneak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteei egin zien deialdia, 18 eta 30 urte artekoei, eta 60 inguruk eman zuten izena. Horietatik 40 izan ziren hautatuak: 13 bizkaitar, 10 gipuzkoar, 8 nafar, 5 arabar eta 4 ipar euskal herritar dira. Gazte horien artean ogibide guztietakoak aurki daitezke, besteak beste, historialariak, soziologoak, ingeniariak edo matematikariak. Horietariko askok ikasketak amaituta dituzte, batzuk lanean ari dira, eta beste batzuk ikasketak hastear dituzte edota langabezian daude. Aniztasuna, beraz, partaideen artean, baina betekizun bat denentzat, euskaraz jakitea, «zazpi lurraldeen artean komunean dugun hizkuntza baita euskara», prentsaurrekoan Ikaskuntzakoek adierazi zuten bezala.

Gizartea, ekonomia, politika eta kultura alorrak izan ziren hizpide Gasteizen, Iruñean, Donostian, Biarritzen eta Bilbon egin ziren bost bileretan. Hasieratik garbi izan zuten azkeneko 20 urteotan parte hartzearen ereduak eta moduak aldatu egin direla, eta hortik ekin zioten.

Parte hartzea, beharrezkoa

Gazteek bilerotan hitza hartu zuten ondorioztatutakoaz eta ikasitakoaz hitz egiteko, eta parte-hartze ereduei dagokienez, behar kolektiboak (sozialak) eta emozionalak (indibidualak) uztartzen asmatu behar dela adierazi zuten. Horrela, eredu ludikoa azpimarratu zuten eta militantziak izan duen gainbehera. Nolanahi ere, egungo gazteen bizi baldintza prekarioak eta bizitza proiektuen hutsuneak parte-hartze ekimenetarako oztopo direla ere nabarmendu zuten.

Bada zerbait, hala ere, gaztetasunarekin lotzen dena eta gazte hauek nabarmendu nahi izan zutena; gazteek duten berezko gogo, ilusio eta freskotasuna. Egungo eredu demokratikoak duen sinesgarritasun gabezia parte hartzeari lotzeko faktore gisa ere aipatu zuten, teknologia berriek eta sare sozialek parte hartzeko aukerak zabaltzen dituztela nabarmenduz.

Bileretan gazteek aurkeztutako proposamenak anitzak izan dira eta aztertutako eremu bakoitzean parte hartzea bultzatu ahal izateko lan ildo zehatzak proposatu direla azaldu zuten.

Ekonomia jardueretan, esaterako, «norbanakoak egunerokoan egin ditzakeen aldaketa eta erabaki txikietan» eragin behar dela ondorioztatu dute. Horrela, besteak beste, «elikagaien gertuko produkzioa bultzatzea, gazte mugimendu sindikalista berria sortzea» proposatu zuten. Parte hartze kulturala landu duten gazteek «hezitzaileen heziketa» jotzen dute oinarrizkotzat. Politikakoek Interneten demokratizazioa edo eredu politikoaren aldaketaren alde agertu dira. Horretarako, udaletan gazteen batzordeak sortzea proposatu zuten, besteak beste. Azkenik, eremu sozialean, hedabideak izan zituzten ahotan, maiz gazteei buruzko «diskurtso negatiboa» plazaratzen dutelako. Beste ideietako bat Datorkigune internazional bat sortzea izan zen. Gazteak lanean hasi dira, halere, orain «gizarteari dagokio aurreiritziak alde batera utzi, eta denok batera gizarte berri bat eraikitzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo