GARA > Idatzia > Kultura

Mundu zabaleko kulturek Elgetan izango dute topagunea

Aurtengo Mundumira jaialdiak Elgetan finkatuko du kanpalekua datorren maiatzaren 27tik 29ra bitartean. Nazioarteko kulturen topaketak munduko hainbat herrialdetako ohiturak erakutsiko ditu, besteak beste, musika, azoka, solasaldi eta erakusketen bitartez.

M. LARRINAGA | ELGETA

Mundumira jaialdiak bost kontinenteetako musika, antzerkia, gastronomia eta artisautza ezagutzeko bidaia proposatzen du. Horretaz gain, elkartrukerako eta eztabaidarako kultura anitzeko foroak, haurrentzako jolasak, jaialdia hartuko duen ingurua ezagutzeko ibilaldiak, kirol lehiaketak, liburu azokak eta musika emanaldiak ere izango dira maiatzaren 27tik 29ra bitartean Elgetan. Ezin ahaztu, gune berean, mundu osoko ekitaldi artistiko ugarik topo egingo dutela. Erakargarriak diren ekintzez osatutako asteburua proposatzen du, non eskualdeko herri bat bost kontinenteetako pertsonen eta kulturen topagune bihurtuko den.

Jaialdia ospatzeko antolatu dituzten jarduerak lau ardatz nagusiren ingurukoak dira. Alde batetik, herriko kaleetan ekintzak izango dira etengabe, «kolorez eta musikaz beteko dira», azaldu zuten atzo antolatzaileek. Hala, gastronomia azokak, trekking azoka edota munduko janarien haima kokatuko dituzte. Bestetik, musikak garrantzi berezia izango du, mundu zabaleko musikaz girotuko baita Elgeta. Hala nola Brasil, Senegal, Kuba edota Mozambike lurraldeetako doinuak zabalduko dira hiru egunetan.

Musikaz blai

Maiatzaren 27an, ostirala, The Billie Jeans euskal taldearen funk, reggae eta hip hop estiloaz gozatu ahal izango dute bertaratuek, 20.30etik aurrera. Larunbatean, Kubatik Habana con Kola taldea agertuko da Mundumira agertokira, eta 19.00etan Mozambikeko Moya Kalongoren erritmo tradizionalak hasiko dira.

Gauean, reggae musikaren txandan, Dub Inc frantsesen emanaldia izango da. Bestalde, 23.00etan Lon Delinqüentes taldea igoko da Mundumira agertokira, eta erritmo flamenko, rock eta rumbekin girotuko dute Elgetako gaua.

Azken egunean, maiatzaren 29an, euskal taldeak izango dira musika arloko protagonistak. 12.00etan Arrasateko Meri May + Ain_1 taldeak folkaren eta rockaren arteko beren estilo erakustaldia egingo dute, eta 18.00etan, Andrakan taldeak, Kutxa Kultur Zirkuituaren programazioaren barruan, pop eta folk musika eskainiko du.

Musikaz gain, eskualdeko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko aukera ere eskainiko du Mundumirak. Antolatu dituzten ekintzen artean daude trekking azoka, audiobisualen proiekzioa, argazki erakusketak, mahai-inguruak, mendi irteerak edota BTT ibilaldia. Gainera, eskualdeko eta Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakundeek garatzen dituzten proiektuak ezagutzeko aukera ere izango da. Jaialdiko «elastiko solidarioa» salgai jarri dute Mundumirafesta.com webgunearen bidez, eta laster eskualdeko salmenta puntu askotan erosteko aukera ere egongo da.

Mundumira jaialdia maiatzaren 27an hasiko da arratsaldeko zazpietan, Elgetako kultur etxean Euskal Mendizale Federazioak antolaturiko mahai-inguru batekin, «Euskal mendizaletasunaren oraina eta etorkizuna» izenburukoa.

Mundumira jaialdiak eskaintzen duen aukeraz gozatu nahi duenak kanpaldia egiteko aukera izango du frontoi inguruan, sarrera ordaindu beharrik gabe, erabat doakoa izango baita.

GARRAIO ARAZOAK

Mundumira jaialdira inguratzeko zailtasunik izan ez dadin, garraio publikoaren eskaintza zabalduko dute. Garraio zerbitzuei buruzko informazioa ere Mundumirafesta.com gunean azalduko dute.

HAURREN GUNEA

Aurtengo Mundumiran haurren gunea indartu egin dute: Irrien Lagunak Kluba izango da puzgarri eta jolasekin, rokodromoa eta tirolina ere jarriko dituzte, eta Sendavivako alfonbra magikoaz gozatzeko aukera ere izango dute txikiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo