GARA > Idatzia > Kultura

Haurrek harpa jotzen ikasteko metodo berria argitaratu du Gaztelupeko Hotsak-ek

p041_f01_097x108.jpg

M. L. | DONOSTIA

Musika instrumentuak ikasteko ohiko ikasketak teknika du oinarri nagusi. Baina, Ane Artetxe harpa irakasleak metodologia berria argitaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin, liburu eta diskoaz osatua berau.

Teknika liburu soil bat izan beharrean, Patxi Gallegoren marrazkiz beteriko koadernoa eta diskoa da «Harpa airean» proiektua. «Liburu honek marrazkirik gabe ez du balio. Marrazkiak amu bezala funtzionatzen dute ikasleak haur txikiak direnean», azaldu zuen Artetxek. «Halako metodo bisualik ez dago eta oso beharrezkoa da haurrek emozioak bereganatu ditzaten. Azken batean musika hori da, emozioak».

Koaderno hau hiru zati nagusitan banatu dute. Lehenik teknika arloa garatu da, hatzak nola kokatu eta erabili azaltzen dituzten testu txikiekin. Jarraian instrumentuaren historia azaltzen da eta, azkenik, zortzi abestiren partiturak gehitu dira. Horietatik bi Artetxek berak eginak dira eta beste seiak erraz ezagutzeko modukoak dira, filmetako doinuak eta abesti herrikoiak baitira.

Koadernoarekin batera diskoa argitaratu dute. Bertan 29 abesti grabatu ditu Artetxek Francisco Escudero kontserbatorioan dituen ikasleen eta Artetxeren interpretazioak bilduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo