Militarrek nagusi izaten segituko dute Myanmarko gobernu berrian
Aro berria iragarri zuten atzo Myanmarren, Junta Militarraren deuseztatze eta Gobernu berriaren osaketarekin. Thein Sein jeneral ohia izango da aurrerantzean presidente, iragan militarra duten 30 ministroz osatutako Kabinetea bizkarrean duela. Alta, muturreko aldaketarik ez dela izango eta itxura garbitze hutsa dela salatu du oposizioak.
GARA | RANGUN
Azken 50 urteetako itxuraldaketarik sakonenaren testigu izan ziren atzo Myanmarko herritarrak. Ez dute askorik itxaron eraldaketarako, arratsaldeko azken ordurako inongo eraikin ofizialetan ez baitzen azken bost hamarkadetan herrialdearen norabidea gidatu duen erregimenaren sinbolorik haizatzen. Izan ere, 1962az geroztik herrialdearen lema gidatu duen Junta Militarra desegitea erabaki zuten atzo Parlamentuan, gobernu zibil behar lukeenaren trantsizioa martxan ipintzeko asmoz.
Azken hemeretzi urteetan Armadako komandante nagusi eta Myanmarko erregimenaren buru izan den Than Shwe-k eman zuen horretarako urratsa; Junta Militarra gidatu duen Garapen eta Bakerako Estatu Kontseilua deuseztatzeko dekretua izenpetu baitzuen atzo Parlamentuan, bere hitzetan, Myanmar «loratuz doan errepublika demokratiko diziplinatu» baterantz norabidetuz. Amaitu dira, beraz, bere egitekoak agintaritzan, aurrerantzean Thein Sein jeneral ohia izango baita herrialdeko presidentea.
Gutxik sinesten dute, ordea, Than Shwe-k serioski erretiroa hartuko duenik, gizon zorrotz eta hertsiaren ospeari jarraiki, itzalpean jardunean segituko duela baitiote gehientsuenek. Atzotik jardunean den gobernu talde berriari erreparatzea besterik ez dagoela nabarmentzen dute horretarako; presidenteaz gain, bi presidente-orde eta 30 ministro berri izendatu dituzte, baina promes egiten zuten «gobernu zibiletik» urruti, guztiek izan dute edo badute oraindik ere zerikusirik Armadarekin. Horietatik 23 militar ohiak dira, eta beste hiru jardunean dira oraindik ere; gainerako laurak Junta Militarrarekin hartu-eman estua izan duten teknokratak dira.
Halaber, Parlamentuko eserlekuen %25 militarrei dagozkie, 2008an adostutako Konstituzioan jasotzen denez; baina, edozein kasutan, Thein Seinek ez du arazorik izango berak proposatutako lege-proiektuak aurrera ateratzeko, joan den azaroko bozen garaile bere burua aldarrikatu zuenez ¯hauteskundeak iruzurra izan zirela salatu zuten oposizioak zein nazioarteak¯ gehiengo osoa baitu legebiltzarrean. Iraganarekiko loturak ez dira hor bukatzen, dena den, Presidentetzari aholkatzeko osatuko den Kontseilu Gorena ere militarren esku egongo baita; desegindako Junta Militarraren funtzioak beteko dituen oinordekoa horixe dela uste dute oposiziokoek, hain zuzen.
Edonola ere, badira uste hertsi horretatik aldendu, eta Junta Militarraren urrezko urteak amaitutzat ematen dituenik ere; antolakuntza eredu berriarekin, orain artean pertsona bakarraren eskuetan egon den boterea bitan banatuko baita ¯exekutiboa zein legegilea¯, eta horrek pitzadurak eragin baititzake hainbat urtez erregimen absolutista defendatu dutenen artean.
Oposizioa, tinko
Iturri ofizialen esanetan, Ipar Koreako Kim Il-sung eta Kim Jong-il-en erregimenetan oinarrituta dagoen gobernuaren aldarrika- penarekin batera, makina bat izan dira horren aurka altxa diren ahotsak. Oposizioak ez du uste agindutako muturreko aldaketarik egon denik Myanmarren, aurpegi garbiketa besterik ez dela izan baitiote. Thein Seinek Parlamentua osatzen duten alderdiekin lankidetzan aritzeko prestutasuna azaldu zuen atzo, emandako lehen hitzaldian, baina esandakoak haizeak eramango dituela jakin badakitela diote.
Demokraziaren Aldeko Liga Nazionala aritu da horren kontra gogorren, inongo Parlamentuko ordezkaririk gabe eta alderdi politikoa legez kanporatuta, ez baitute Myanmarko bizitza politikoan jardun ahal izateko esperantza handirik. Nolanahi ere, hamasei urtez etxeko espetxealdira zigortua egon den Aung Suu Kyi libre uztean, datozen bost urteetako agintaldian Demokraziaren Aldeko Liga Nazionalak rol garrantzitsua bete lezakeela uste da. Hain justu, tankerako alderdiek bizitza politikoan zeresan handiagoa izan dezaten, elkarrizketak abiatzea eskatu dio Aung Suu Kyik gobernu berriari. Ez dute, ordea, askatzeko korapilo bakarra izango, preso politikoen auzia zein talde etnikoen arteko adiskidetze prozesuak argitzeke baitaude oraindik.
Myanmarko sistema politiko berriak Parlamentuan eztabaidatzea ahalbidetzen duen arren, botere legegilea arauen bidez mugatua egongo da; horrela, edozein galdera edo proposamen hara eraman aurretik batzorde batean aurkeztu beharko da lehenbizi, hamar eguneko aurrerapenaz.
Lehen ministro karguan egin zen ezagun Thein Sein nazioartean, 2007an, monje budistek Rangungo karrikak euren egiten zituzten bitartean. Aldi baterako hautatu zuten karguan, berezko lehen ministro Soe Win osatu bitartean; alta, halakorik ez zen gertatu, eta hark utzitako oinordekotza irmoki defendatzeko prestutasunez jardungo zela argi utzi zuen hasieratik, urte hartako errebolten zauritu eta hildako kopuruek nabarmen utzi zutenez.
Gaztetatik ekin zion zerbitzu militarrari, etxean ez baitzuen bestelakorik ezagutu. 31 urte zituela ailegatu zen koronel mailara, eta hogei urteren buruan, Garapen eta Bakerako Estatu Kontseiluko kide gazteena bilakatu zen, 52 urterekin. Eskuz esku jardun izan da erregimeneko buruzagi gorenarekin, Than Shwerekin, eta aski bereganatu du gainerako militarren konfiantza ere. Horregatik egin zion uko iaz jeneral karguari, iragan militarra presente izanda, ibilbide politikoari ekiteko. Bozen garaile izendatuta, militarrak boterean betikotzeko bidea marraztu zuen horrela. GARA